Sopela Kosta Fest jaialdiaren egitaraua aurkeztu dute

Iker Rincon Moreno 2018ko eka. 5a, 19:02

Hainbat gazte surf-ikastaro batean. © SOPELAKO UDALA

Udako azken aste-akabuan, Kosta Fest jaialdi entzutetsuaren bosgarren edizioa egingo dute Sopelan; irailaren 20tik 23ra artean, ehunka jarduera egongo da, doan. Besteak beste, Nafarroako El Columpio Asesino eta Kataluinako La Sra. Tomasa musika-taldeek joko dute.

Egitarauan batu dituzten ekitaldi denak hondartzetan, itsas-labarretan, inguruko mendietan, Kurtzion eta udaletxeko plazan egingo dira. Hain justu ere, bertan kokatuko da musika-kontzertuen oholtza nagusia.

Barikuan, irailaren 21an, La Sra. Tomasa Kataluinako taldea igoko da oholtzara; latinoamerikar sustraidun erritmoak musika elektroniko modernoagoagaz nahasten ditu. Bestalde, Gipuzkoako Grises bandak ere joko du egun horretan; indie-rock musikaz beteriko "De peces y árboles" bilduma plazaratu berri dute. Bitartean, The Icer Company Iker Ziaren egitasmo pertsonala da, garai batean Arima Sutan taldean ibili ostean. Azkenik, Iruñeako lau neskek (Oihana, Leire, Maria eta Lauri) osaturiko Melenas taldearen pop-rocka eta Dj Tirry&Teri izango dira lehen jardunaldiko gainerako musikariak.

Zapatuan, irailaren 22an, El Columpio Asesino nafarren after-punka izango da Sopela Kosta Fest honetako erakargarri nagusienetakoa. Litekeena da, gainera, euren disko berria aurkeztea, jaialdian. Bestalde, Travellin´Brothers Little Bandak metal-tresnakaz osatuko du ohiko Rhythm & Bluesa; Liher donostiarrek "Tenpluak erreteko" diskoa aurkeztuko dute; Zazkel bilbotarrek 80ko hamarkadako ukitua duen pop-rocka joko dute; eta jardunaldian, Moonshakers-en rock, psikodelia, garaje, surf eta punk-rocka entzungo dira.

Sopela Kosta Fest jaialdiaren kartel osoa eta taldeen ordutegiak web orrian ikus daitezke, www.sopelakostafest.com atarian, egitarau osoagaz batera.

500 euro film labur onenari

Antolatzaileak Sopela Kosta Fest jaialdiko film laburren edizio honetan parte-hartuko duten bideo-lanak jasotzen dabiltza egunotan, irailaren 2ra arte.

Parte-hartzea erabat doakoa da; lehiatu ahal izateko nahikoa da jaialdiaren webgunean izena ematea, aurretik film laburra eskegi den plataformaren (YouTube, Vimeo, eta abar) lotura ipinita. Lehiaketaren baldintza eta oinarri guztiak Sopela Kosta Fest jaialdiaren webgunean ikus daitezke.

Film labur denek surfa izan beharko dute ardatza, eta gehienez 30 minutuko luzera.

Sarituak izaten diren lan denak jendaurrean proiektatuko dira, jaialdiaren lehen jardunaldian egingo den gala berezian, irailaren 20an, eguenean. Gainera, jaialdiko webgune ofizialean ere ikusi ahal izango dira.

Guztira mila gora euro banatuko dituzte saritan, film laburren laugarren lehiaketa honetan. Lanik onenak 500 euroko saria jasoko du; 250 euro Euskal Herriko egile onenak; eta beste 250 euro "Taula lila· arloko irabazleak. Atal honetan, emakumeek eginiko film laburrek parte-hartuko dute; eta emakumezkoek surfean duten presentziari garrantzia emango zaio, estereotipoak edota genero-ikuspegiko desberdintasunak apurtzeko grinagaz, beti ere. Horrez gainera, sari berezi bi egongo dira, 125na eurokoak, Sopelan erroldatutako lanik onenarentzat eta euskaraz sortutako pelikularentzat.

Irailaren 21ean, barikuan, Surf Bussines Meeting jardunaldia egingo dute, surfak turismoa erakartzeko dituen abantailak aztertzeko, eta alor-ekonomiko honetan egin daitezkeen hobekuntzei buruzko hausnarketa egiteko.

Ehunka jarduera, musu-truk

Sopela Kosta Festen bostgarren ekitaldiak kirol honen inguruko kulturari lotutako hainbat ikastaro eta aisialdiko ekintza eskainiko ditu, eta Euskal Herriko surf zirkuituan sona handia duten txapelketak ere bai. Sopelako Udalak eta Euskal Herriko Surf Federazioak elkarlanean jarraituko dute Euskadiko surf zirkuiturako baliogarria den txapelketa hartzeko; Arrietara hondartzan euskal espezialista onenetako zenbaitzuk elkartuko dira. 

Egitaraua beste makina bat ekitaldiakaz osatuko da; hala nola, mendira eta labarretara txango gidatuak, tai-ji saioak, kale-ikuskizunak, Sopela Beer Fest jaia, umeentzako tailerrak edota kometak egitekoak.

Informazio gehiago: Sopelakostafest.com

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun