Prentsa-ohar baten bidez, lau kolektiboek adierazi dute aurreko urteetako topaketetan ere jasan izan dituztela hainbat herritarren salaketak eta poliziaren esku-hartzea, baina "aurten pauso bat harago heldu dela herri-mugimenduaren kontrako jazarpena". Jakinarazi dutenez, Ertzaintzak bederatzi pertsona identifikatu eta isunak ipini dizkie, mozal legea delakoa aplikatuz.
Ertzaintzak mehatxuzko jarrera eduki zuela eta ahalik eta jende gehien identifikatzen ahalegindu zela deitoratu dute lau taldeek, baita zuzenean margotzen ibili ez ziren batzuk ere. "Beharrezkoak ez ziren datuak eskatu zituzten (telefono zenbakia), eta salaketak sinarazi zituzten, onartutzat eman eta helegiterik aurkeztu ezin izateko", gaineratu dute.
Sopelako Udalak muralak ahalik eta arinen ezabatu zituela ere salatu dute: "Horma horrek hamarkadak daramatza garbitu barik, pintada ugari dauzka eta ugerrak jaten hasita dago, baina bitxia eman badezake ere, helburu politiko-artistikodun pintaketak baino ez dituzte ezabatu". Hain zuzen ere, Arriatera-Atxabiribil hondartzako sarbidearen ondoko murruan egin zituzten muralak. Ostean, zentsuraren aurkako mezuak agertu dira ezabatutako pintaden gainean.