Goizaldeko 05:15 inguruan, Ertzaintzaren laguntza eskatu dute Sopelan, Ugeragako taberna batean lapurretaren bat egin dutela eta. Berriemailearen arabera, gizonezko batek poltsa bat lapurtu du, eta barruan diru-kopuru "esanguratsua", kreditu-txartelak, lurrin-ontzi bat, giltzak eta beste hainbat objektu pertsonal zeuden, polizia-iturriek diotenez. Iturri berak esandakoan oinarrituz, lapurrak hura ohartu barik hartu du poltsa eta berehala alde egin du tabernatik. Era berean, lokalean zegoen beste pertsona batek ere esan du poltsatik objekturen bat kendu diotela.
Bertan zeudenak berehala hasi dira lokalean zeuden bezeroen inguruan molestatzen ibili den gizonezko bati buruzko susmoa hartzen, eta inguruan aurkitu ondoren Ertzaintzaren patruila bat iritsi arte atxiki dute. Poliziek prebentziozko miaketa egin diote, eta arropen artean ezkutatuta aurkitu dizkiote salatzailearenak ziren hainbat objektu, horien artean dirua gutun-azal batean sartuta eta telefono mugikorra. Biktimaren objektuez gainera, gizonezkoak beste hiru telefono mugikor zituen, horietako bat lokalean zegoen beste emakume batena.
Ebidentzia horien aurrean, susmagarria atxilotu egin dute ebasketa bi leporatuta. Bestalde, biktimetako baten poltsa, barruan beste hainbat objektu zituena, inguruan aurkitu dute, eta atxilotuak zeroatzan lapurtutako objektuak legezko jabeei itzuli dizkiete.