Udako jaiak 2018

Santa Marinara igotzeko eguna!

Iker Rincon Moreno 2018ko uzt. 19a, 12:08

Ohiturari jarraituz, egun osoko egitaraua prestatu dute sopeloztarrek Santa Marina eguna ospatzeko uztailaren 20an. Goizeko 10:00etan hasiko da baselizara igotzeko kalejira.

Uztailaren 20a heltzean, urtez urteko usadioari jarraituz, dozenaka sopeloztar igoko dira Sopela eta Urduliz artean dagoen Santa Marina baselizara. Debozioa eta jai-tradizioa uztartzen dituen hitzordua da Santa Marina eguna; hala, meza nagusia entzuteaz gainera, jai-giroaz gozatzeko eta dantza egiteko aukera izango dute bertaratuko diren den-denek.

Goizeko hamarretan suziria bota, eta kalejiran abiatuko dira udaletxeko enparantzatik Santa Marinara, txistularien doinuek lagunduta. Ordubete beranduago, bertako baselizan egingo den meza nagusiaren ostean, ohorezko aurreskua dantzatu eta lore-eskaintza egingo dute, Fernando Ansoleaga zenaren omenez. Bere izen bera duen plazan bertan egingo dute hori, eta, horren ondoren, hamaiketakoa egingo dute, trikiti doinuak entzunez. Eta gosez geratuz gero, tripak guztiz ase ahal izango dituzte 14:00etako herri-bazkarian.

Azkenik, eguna ezin hobeto amaitzeko, hurreratutako guzti-guztiek dantzan egiteko moduko erromeria egongo da, 18:00etatik aurrera; hala ere, antolatzaileek ohartarazi dute ez dela dantza-plaza izango.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun