Antolatzaileek azaldu dutenez, Bakiokoa "ez da lehiatzeko proba bat", parte-hartzaile denen eta jendarte- eta ekonomi-eragile guztien "elkartasuna eta lankidetza lortzeko asmoa baitago", AEA gaixotasuna duten pertsonen alde egin ahal izateko.
Izen-ematea
Daborduko zabalik dago txirrindularitza-proban izena emateko epea. Inskripzioa betetzeko, La Caixaren ES92 2100 4952 18 2100156526 kontu korrontean 10 euroko diru-sarrera egin beharko da, parte-hartzailearen izen-abizenak adieraziz. Ondoren, interesdunek helarazi beharko dizkiote Bakioko Turismo Bulegoari honako agiri eta datuak: ordainagiria edo transferentzia-agiria, DNIren kopia, harremanetarako telefono-zenbaki bat eta izen-abizenak. Horretarako Basigoko Bide Nagusiko 3. zenbakiko bulegora eroan edo posta elektronikoz bidal daitezke, turismo@bakio.org helbidera.
Datuak betetzean, aurrez aurre edo posta elektronikoz jakinaraziko diote parte-hartzaileari zein den egokitu zaion dortsala. Dortsal hori Bakioko Turismo Bulegoan batu daiteke daborduko, honako ordutegi honen barruan:
- Astelehenetik domekara, 10:00etatik 15:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.
Inskripzioa martxaren egunean bertan ere bete ahal izango da, 09:00ak baino lehen, irteera-ordua izan baino ordubete lehenagora arte. Kasu horretan, ordaindu beharrekoa 15 euro izango da. Halaber, lasterketaren egunean bertan dortsala ere jaso ahal izango da irteera-mahaietan, goizeko 9:00etatik aurrera; horretarako, antolatzaileei jakinarazi beharko diete zein izan den adjudikatutako dortsal-zenbakia.
Ibilbidea goizeko 10:00etan hasiko da; abiapuntua Bakioko Sabino Arana etorbidean izango da. Aurreko edizio bietako 30 kilometroko ibilbidea osatuta, leku berera ailegatuko dira parte-hartzaileak. Ibilbidea amaituta, enpresa laguntzaileek emandako sariak zozkatuko dituzte parte-hartzaile denen artean.
Zero-dortsala
Modu berean, ibilbidean parte hartzeko asmorik izan ez, baina AEA gaixotasuna duten pertsonei elkartasuna adierazteaz gainera, laguntza ekonomikoa eman gura duten pertsonek zero-dortsala erosi ahalko dute modu sinbolikoan; horretarako, 10 euroko diru-sarrera edo transferentzia egin beharko dute La Caixako ES92 2100 4952 18 2100156526 kontuan, Zero-dortsala ipiniz.
Argibide gehiagorako, Bakioko Turismo Bulegora jo daiteke, 946 193 395 telefonoan.