Etengabeak izan ziren erasoak Lizarran jokatutako Euskaldun Txapelketako proban. Hasierako mugimenduetan, Ariadna Trias eta Yurani Blanco Sopelako taldearen txirrindulariak izan ziren protagonistetako batzuk; eurak izan baitziren lehenengo ihesaldi luzearen partaideak, Ariadna Nevado (Moreaga Taldea), Lucía González eta Míriam Gardachal (BDEM) eta Isabel Martín (GSK) txirrindulariakaz batera. Tropelak taldetxo hori Iratxen irentsi zuen. Ostean, beste ihesaldi batean sartu ziren Sara Martín (SWT), Enara López (BDEM), Henrietta Colborne (BDEM), Cristina Martínez (BDEM) eta Belén López (DCR). Helmugarako kilometro batzuk falta zirenean, talde horretatik jauzia eman zuten Enara Lópezek eta Sara Martínek, eta bigarrena nagusitu zen, Sopelako talderako 12. garaipena lortzen.
Martínek etaparen ostean azaldu zuenez, "lasterketa mugitua izan da hasieratik, erasoak etengabeak izan dira, baina eguneko ihesaldi erabakigarria soilik lortu da hainbat ahalegin egin ostean. Aurrean bagenituen taldekide bi, eta eurekaz beste bost txirrindulari zeuden. Tropela nahiko bare ibili da taldetxoa joan ondoren, Baina Lourdes Oyarbidek tiratu egin du, aldea murrizteko. Baina azken zirkuituan bira bi geratu arte ez da benetan denborarik kendu. Azken igoeran, tropelekook buruan zebilen talde hori harrapatu dugu, erasoak eta igoeran markatutako erritmoa direla eta. Hala, aurrera jo dugu Belén Lópezek (DCR), Bizkaiaren hiru txirrindularik eta bostok. Azken kilometroetan, Enara Lópezegaz (BDME) aldea atera diet beste hiru txirrindulariei eta batera heldu gara helmugako zuzenera. Bertan, esprinta bota eta irabazteko aukera izan dut. Sentsazio oso onak izan ditut eta talde osoa oso aktibo ibili gara behar izan denean. Halere, oraindino badago zer hobetu eta zer ikasi, baina pozik amaitu dugu", gaineratu zuen Burgoskoak.
Moreaga taldea
Moreaga taldea, bere aldetik, onena izan zen gazte-mailan. Gainera, kategoria horretako burua izaten segitzen du Andere Basterra, berriki lesionatuta ibili den arren. Sopelako gazteek "lasterketa bikaina" egin zuten gazteetan zein kadeteetan, ostean egindako balorazioaren arabera. Hala, eguneko ihesaldi nagusietan sartu ziren Moreagakoak; kadeteetan, Andrea Pérezek ihesari ekin zion eta bere taldekideek ezarritako tropelaren kontrolari esker, esprintera heldu zen. Helmugan, bigarren postu "gazi-gozoa" lortu zuen, taldekako podiumeko maila nagusira igotzeagaz batera.
Gazte-mailan, berriz, Ariadna Nevadok ausart jokatu zuen. "Beldur barik, gazte bakarra izan zen, elite-mailakoen ihesaldian sartzen, tropelak eskua gainean ipini zien arte", azaldu zuen taldeak. "erakustaldia egin ondoren", Nevadok "jakin izan zuen tropelean eliteen oldarraldiak aguantatzen". Hala, tropel txikiagotuan lau gazte mantendu ziren, euretako bat Andere Basterra, Euskaldun Txapelketaren Gazte-mailako burua; hala, lidergoa defendatu zuen. Moreagako gazteek ere garaipena lortu zuten taldeka.