Sopela Women's Team Flandrian lehiatzen dabil

Iker Rincon Moreno 2018ko ira. 5a, 13:50

Iurani Blanco eta Sofia Rodriguez berbetan, artxiboko irudian. © SOPELA WOMEN'S TEAM

Ugeraga txirrindularitza-elkarteak sustatutako Sopela Women's Team taldea Flandrian da, hirugarren urtez segidan Lotto Belgium Tour biran parte hartzen. Taldearen azken aurreko hitzordua izango da.

Proba atzo hasi zen, Flandriako Niewpoort hirian jokatutako atariko etapan. Movistar taldeko Aude Biannic-ek irabazi zuen 3,7 kilometroko erlojupekoa; Frantziako txapeldunak lau minutu eta 51 segundo behar izan zuen ibilbide laua betetzeko. Podiuma Riejanne Markus-ek eta Anouska Koster-ek osatu zuten, Biannic baino  bi eta hiru segundo gehiago eginda. Sopelako ordezkariei dagokienez, azkarrena Sara Martín izan zen, irabazlearengandik 30 segundora. Denera 127 txirrindularik hartu zuten parte.

Gaurko etapa Moorslede eta Dadizele artean jokatuko da. Denera, 119,3 kilometro izango dira helmugaraino. Litekeena da esprint batez amaitzea. Bihar, berriz, etapa Herselt herritik irten eta bertan amaituko da, 15,7 kilometroko zirkuitu bati zazpi bira eman ondoren. Gaina txiki batzuek eragin dezakete tropela mehetzea. Etaparik erabakigarriena azkena izango da, barikukoa; Geraardsbergen herrian hasi eta amaituko da, bi zirkuitutik iraganda: lehenengoa 72 kilometroko errepide laua izango da; eta bigarrenean, Kapelmuur, Onzerkelestraat eta Edingsesteenweg mendateetara hirutan igo beharko dute txirrindulariek.

Eskarmentu bila

Francisco Pla zuzendariak honako txirrindulariak eroan ditu Flandriara: Iurani Blanco, Julia Casas, Sara Martín, "Tata" Martins, Sofía Rodríguez, eta Ariadna Trías. Azaldu duenez, "Eskarmentu gutxi daukan talde bategaz etorri gara, hain zuzen hori bilatzera etorri garelako: lehia daitezen eta bizi ditzaten horrelako probak. Ezin ditugu emaitzak eskatu, baina bai erronkari gogoa eta ilusioa ipintzeko; seguru ondo etorriko zaiela ikasteko eta urtez urte euren burua gainditzeko. Presio barik irtengo gara eta ahal dugun hoberen egingo dugu. Aukeren bat izanez gero, baliatzen ahaleginduko gara", gaineratu du Plak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun