Sopelako Udalak eta Euskal Herriko Surf Federazioak elkarlanean jarraituko dute Euskadiko surf zirkuiturako baliogarria den txapelketa hartzeko; Arrietara hondartzan euskal espezialista onenetako zenbaitzuk elkartuko dira.
Egitaraua beste makina bat ekitaldiakaz osatuko da; hala nola, mendira eta labarretara txango gidatuak, tai-ji saioak, kale-ikuskizunak, Sopela Beer Fest jaia, umeentzako tailerrak edota kometak egitekoak.
Musika
Egitarauan batu dituzten ekitaldi denak hondartzetan, itsas-labarretan, inguruko mendietan, Kurtzion eta udaletxeko plazan egingo dira. Hain justu ere, bertan kokatuko da musika-kontzertuen oholtza nagusia.
Barikuan, irailaren 21an, La Sra. Tomasa Kataluinako taldea igoko da oholtzara; latinoamerikar sustraidun erritmoak musika elektroniko modernoagoagaz nahasten ditu. Bestalde, Gipuzkoako Grises bandak ere joko du egun horretan; indie-rock musikaz beteriko "De peces y árboles" bilduma plazaratu berri dute. Bitartean, The Icer Company Iker Ziaren egitasmo pertsonala da, garai batean Arima Sutan taldean ibili ostean. Azkenik, Iruñeako lau neskek (Oihana, Leire, Maria eta Lauri) osaturiko Melenas taldearen pop-rocka eta Dj Tirry&Teri izango dira lehen jardunaldiko gainerako musikariak.
Zapatuan, irailaren 22an, El Columpio Asesino nafarren after-punka izango da Sopela Kosta Fest honetako erakargarri nagusienetakoa. Litekeena da, gainera, euren disko berria aurkeztea, jaialdian. Bestalde, Travellin´Brothers Little Bandak metal-tresnakaz osatuko du ohiko Rhythm & Bluesa; Liher donostiarrek "Tenpluak erreteko" diskoa aurkeztuko dute; Zazkel bilbotarrek 80ko hamarkadako ukitua duen pop-rocka joko dute; eta jardunaldian, Moonshakers-en rock, psikodelia, garaje, surf eta punk-rocka entzungo dira.
Sopela Kosta Fest jaialdiaren kartel osoa eta taldeen ordutegiak web orrian ikus daitezke, www.sopelakostafest.com atarian, egitarau osoagaz batera.