Zentsuraren Aurkako Eguna egingo dute zapatuan, Sopelan

Iker Rincon Moreno 2018ko ira. 26a, 13:01

Hondartzan egin zituzten horma-irudiak.

Maiatzean Sopelako hondartzan egindako horma-irudiengatik isuna ipini diete udalerriko hainbat kolektibori. Gaineratu dutenez, Gontzal Hermosilla alkateak salatu egin zituenez, urtarrilean epaiketa izango dute. Hori guztia gaitzesteko, Zentsuraren Kontrako Eguna egingo dute, zapatu honetan, irailaren 29an.

Goizeko 10:00etan ipini dute hitzordua, Larrabasterrako metro-geltokian. Horren ostean, jolasak egingo dituzte hondartzan, luncha eta bertsolariak egongo dira, eta askoz gehiago.

Kolektiboek zabaldutako oharra:

Maiatzean, Sopelako hondartzan muralak egin genituen zenbait kolektibok. Ertzainak agertu eta mozal legea aplikatuz isunak ipini zizkiguten. Sopelako Udalak muralak borratu zituen hurrengo egunean. Gainera, alkateak salaketa ipini zigunez urtarrilean epaiketa izango dugu.

Aurretik ere salatu izan dugunez, argi dago honen atzean zentsura politikoa baino ez dagoela; muralak egin genituen hormetan dauden grafitiak borratzeaz inor arduratu ez dela ikustea besterik dago.

Baina, zentsuraren erasoak ez ditugu Sopelako hondartzan muralak egin genituenok bakarrik jasaten. Algortako gazte batzuei ere mural bat margotzeagatik ezarri zizkieten isunak udan, beste askoren artean, zoritxarrez... Horregatik, zentsura normaltasunez onartzeari uzteko eta mezu askatzaileak zabaltzeko, denok gaude gonbidatuta zaudete, irailaren 29an Sopelan Zentsuraren Aurkako Egunean parte hartzera eta babesa ematera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun