Txanda bitan sartu ziren uretara surflariak, bata goizeko 09:30ean eta bestea 11:30ean, lehorrean geratzen zirenek hainbat joko egiten zuten bitartean, Getxo Errugbiko talde inklusiboko eta Haszten elkarteko boluntarioek gidatuta. Denera 30 familia inguru joan ziren jardunaldira, eta hamabost lagunen laguntza eduki zuten.
Amesten elkarteak ekimenaren oso balorazio positiboa egin du. "Guretzat oso ekimen berezia da hau", adierazi dute, "familiakaz egin genuen lehenengoa izan zelako". Urtez urte gero eta parte-hartzaile gehiago egoten direla azpimarratu dute antolatzaileek.
"Ekimen honen eta gure elkarteak egiten dituen (edo parte hartzen duen) beste batzuen helburua bizikidetza erraztea da, eta desgaitasuna daukaten eta eta ez daukaten pertsonek espazioak partekatu ahal izatea; horrela, aurreiritzi eta estereotipoak eraitsi ahal izango dira, eta benetako inklusioaren oinarriak finkatu", esan dute Amesteneko kideek. Antolatzaile eta laguntzaile guztiek boluntarioki jardun dutela ere nabarmendu dute.