Sopelako Udalak 40.000 euro bideratu ditu etxebizitzak alokairuan hartzeko diru-laguntzetara

Iker Rincon Moreno 2018ko aza. 13a, 08:00

Udaletxea. © SOPELAKO UDALA

Sopelako gazteak emantzipazio-bidean laguntzeko eta, orokorrean, udalerrian alokairuzko etxebizitza bat eskuratzea errazteko helburuagaz, etxebizitza alokatzeko diru-laguntzak emateko programa martxan ipini du bertoko Udalak. Azaroaren 19ra arte egongo da eskaerak aurkezteko aukera, erakunde publiko horretako Erregistro Nagusian (Sabino Arana, 1) edota Larrabasterrako herritarren arretarako bulegoan (Gatzarriñe, 2).

Sopelako Udalak, guztira, 40.000 euro bideratuko ditu ekimenera. “Denok dugu etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea”, baieztatu du Gontzal Hermosilla alkateak; hori dela eta, “beste urte batez, Udalak etxebizitzaren alokairuaren ordainketan zailtasunak dituenentzako laguntza ekonomiko hauek abiarazi ditu”.

Onuradunei dagokionez, adin-multzo bi ezberdinduko dira: 18 eta 35 urte arteko pertsonak (A-Modalitatea) eta 36 urtetik gorako pertsonak (B-Modalitatea). “A” modalitateari emango zaion kopururik handiena 15.000 eurokoa izango da eta “B” modalitateri 25.000 eurokoa.

Diru-laguntzen onuradun izan daitezke, beste batzuen arten, baldintza hauek betetzen dituzten adin nagusiko pertsona fisiko denak:

  • Diru-laguntzaren eskatzaileak etxebizitza baten alokairu-kontratu baten titularra izan beharko du, eta etxebizitza hori bere ohiko egoitza izan. Aipatutako kontratua Euskal Autonomia Erkidegoko Hiri Finken Errentamendu Kontratuen Erregistroan inskribatuta izan beharko du.
  • Nazionalitate espainiarra eduki beharko du, edo Europar Batasuneko Estatuetako baten nazionalitatea, edo Europar Espazio Ekonomikoarena, edo Suitza. Beste atzerritarren kasuan, Estatu espainiarrean modu legalean bizi beharko dute.
  • Errolda: Diru-laguntzen onuradun diren bizikidetza-unitateko (BU) pertsona guztiek diru-laguntza jasoko duen etxebizitzan erroldatuta egon beharko dute eskaera egiten duten momentuan, eta gainera, BU-ko pertsona denek Sopelan erroldatuta egon beharko dute gutxienez urtebeteko antzinatasunagaz eten barik.
  • Diru-laguntza eskatzen duen pertsonaren eta errentatzailearen artean ezin izango da ezelako familia-loturarik izan odolkidetasunezko edo ahaidetasuneko bigarren mailaraino.
  • BU-ko diru-sarreren muga urteko deialdian: 25.000,00 euro gordin urtean, bizikidetza-unitatea pertsona bakar batez osatuta baldin badago. 32.000,00 euro gordin urtean, bizikidetza-unitatea pertsona bi baino gehiagoz osatuta baldin badago
  • Antzeko xedea duten beste administrazio publikoko laguntzakaz bateraezinak dira. Beraz, BU-ko inor ezin izango da antzeko xedea duten beste administrazio publikoko laguntzen onuradun izan.
  • Alokatutako etxebizitza Sopelako udalerriaren barne aurkitu beharko da, eta Udal Erroldan altan emanda. Etxebizitza lehendik dagoen eraikin batean kokatuta egon behar du, eta eraikin hori hirigintza-planeamenduan finkatuta izan behar du, eta haren aurreikuspenekin bat etorri.

Interesa duten pertsonek, bete beharreko baldintza, balorazio irizpide eta aurkeztu beharreko dokumentazioaren inguruko informazio gehiago Sopelako herrian etxebizitzak alokairuan hartzeko diru-laguntzak ematea arautuko dituzten oinarri erregulatzaileetan kontsultatu ahal izango dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun