Sopelako Udalak beste 88.000 euro inbertitu ditu hiru diru-laguntza berritan

Iker Rincon Moreno 2018ko aza. 14a, 08:30
Gontzal Hermosilla alkatea. © SOPELAKO UDALA

Pobrezia energetikoan dauden familientzako (40.000 euro), testu-liburuak eta eskola-materiala erosteko (40.000 euro) eta presoen senideen bidaietarako (8.000 euro) laguntzak emango ditu.

Gontzal Hermosilla Sopelako alkateak adierazi duenez, "beste urte batez Udalak pertsona guztiei bizitza duin eta egokia izateko eskubidea bermatzeko lanean segitzen du. Egun hauetan inbertsio bi eman ditugu ezagutzera; alde batetik, 40.000 euro abiarazi ditugu gazteei euren emantzipazio bidean laguntzeko eta alokairuko etxebizitza bat eskuratzen laguntzeko eta, beste alde batetik, 16.000 euro inbertitu ditugu pertsona ekintzaileei laguntzeko. Gaurkoan, hiru diru-laguntza berri ipini ditugu martxan zailtasunak dituzten familiak laguntzeko helburuagaz".

Pobrezia energetikoan dauden familientzako diru-laguntzak

Diru laguntza hauen helburua ohiko etxebizitzaren hornidura energetikoan 2018an egindako gastua estaltzea da. Familia-unitatea etxebizitzan bizi diren pertsona denek osotuko dute eta aipatutako egoera hau biztanleen erroldaren bitartez ziurtatu behar izango da. Halaber, eskaera egiten duen pertsona guztiek Sopelan erroldatuta egon beharko dute gutxienez urtebeteko antzinatasunagaz eten barik.

Diru-laguntzen zenbatekoa 40.000 eurokoa izango da familia unitatearen ohiko etxebizitzan 2018an gastatutako elektrizitatea, gasa edo erabiltzen den beste edozein erregai ordaintzeko izango da. Emanaldi bakarrean emango da eta eskatzaile bakoitzak eta elkarbizitza unitate bakoitzak gehienezko zenbatekoa izango dute, 400 eurokoa.

Eskariak aurkezteko epea azaroaren 21era arte egongo da zabalik.

Testu-liburuak eta eskola-materiala erosteko laguntzak

Laguntza hauek 2018-2019 ikasturterako Haur hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleei eskola material didaktikoa eta testu liburuak erosteko egindako gastuak ordaintzea dute helburu.

Zenbatekoa 40.000 eurokoa izango da eta ikasle bakoitzeko emango da, horrela, familia unitatean ikasle bat baino gehiago baldin badago, horrenbeste eskaera egin ahal izango dira. Haur hezkuntzako ikasleek gehienez 150 euro jasoko dituzte testu-liburuak ordaintzeko eta 30 euro eskola-materiala ordaintzeko. Beste zikloko ikasleek, ostera, 250 euro jasoko dituzte gehienez testu-liburuentzako eta 40 euro eskola-materiala ordaintzeko.

Eskariak aurkezteko epea azaroak 19ra arte egongo da zabalik.

Egoera berezian dauden familientzako diru-laguntzak

Diru-laguntza hauen xedea espetxeetan zigortuak edo prebentziozko presoaldian dauden pertsonak bisitatzeko gastuak ordaintzea da. Gastutzat joko dira askatasun barik dauden pertsonen familiakoek 2018an zehar espetxeraino egin dituzten joan-etorrietarako gastuak eta, hala denean, ostatu gastuak. Onuradunak ondoko hauek izango dira, besteak beste: ezkontidea edo bikotekidea, seme-alabak, gurasoak, anai-arrebak, ezkontidearen anai-arrebak edo anai-arreben ezkontidea.

Udalak, guztira, 8.000 euro inbertituko ditu eta eskariak aurkezteko epea azaroaren 20ra arte egongo da irekita.

Kasu guztietan diru laguntzak eskatzeko inprimakia eta deialdiaren oinarriak interesdunen eskura daude www.sopela.eus webgunean eta udal-bulegoetan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun