Ehunka lagunek salatu dute txirrindulari sopeloztar baten heriotza

Iker Rincon Moreno 2018ko aza. 15a, 17:00
Atzoko protestaren irudi bat. © ECUADOR ETXEA

Ehunka txirrindularik eta bestelako herritarrek salatu zuten atzo Irene M. G. sopeloztarraren heriotza. Modu berean, segurtasun-neurriak eskatu zituzten horrelakoak ez errepikatzeko eta txirrindularien bizitza bermatzeko.

Biziz Bizi txirrindularien elkarteak deituta, ehunka pertsona batu zen atzo Irene M. G.-ri bizitza kostatu zion istripuaren lekuan, Bilboko Autonomia kaleko eta Sabino Arana etorbideko bidegurutzean. Bertan, elkarretaratzea eta eserialdia egin ondoren, manifestazioan joan ziren Bilboko udaletxeraino. Eraikineko eskaileretan "Bidegorria orain!" goiburupeko pankarta zabaldu ondoren, txirrindulari sopeloztarra agurtu zuten, txistu joaldi eta minutu bateko isilune banaz. Irakurri zuten komunikatuan, argi utzi zuten Irene M. G.-ren heriotza ez zela "zorte txarra" izan, "mugikortasun politika negargarrien" ondorioa baizik.

Protestaren antolatzaileek salatu zutenez, 350.000 ibilgailu baino gehiago sartzen dira egunero Bilbon, hiria 50 kilometro orduko abiaduran zeharkatzeko. Bitartean, "egunero bizikleta hartzen ausartzen garen pertsonak beldurtuta" ateratzen direla azaldu zuten. Euren ustean, Bilboko Udalak "ipini du ibilgailuen erabilpena herritarren osasuna eta segurtasunaren aurretik". Gogorarazi zutenez, 2015ean Alfonso Gil Bilboko Udaleko Mugikortasun zinegotziak iragarri zuen bere helburua zela mugikortasun kontuetan Bilbo Kopenhague bihurtzea. Salatu zutenez, gaur egun "Kopenhagen distantzia berean mantentzen da. Bizikletarako prest ez dagoen hiri batek... hiltzen du. Bilbok... hiltzen du".

Hori dela eta, eskatu zuten bizikleta erabiltzeko promozio-kanpainakaz batera beste ibilgailuak murrizteko neurriak hartzeko. Horretan, azaldu zutenez, Pontevedra da eredugarria: 1999tik hona tendentziak irauli eta bidaien %70 oinez edo bizikletaz izatea lortu du Galiziako hiri horrek. Gainera, heriotza-istripuen biktimen kopurua 30etik 3ra jaitsi da bertan.

Bestalde, aldarrikatu zuten "hiltzen gaituzten puntu arriskutsuak" hiritik desagerraraztea, 30 kilometro orduko gehienezko abiadura ezartzea, eskoletan bide-heziketa ematea, metro eta erdiko segurtasun-neurria bermatzea, bidegorriak galtzadaren erdian joatea eta %100 seguruak izatea, "adingabekoak lasai ibiltzen uzteko". Istripua "kasualitateagaz eta ez kausalitateagaz lotzen segituz gero inoiz ez dugu ulertuko zergatik dakigun istripuen erdia bidegurutzetan gertatzen direla eta ez dugula ezer egiten hori aldatzeko", azaldu zuten Biziz Biziko ordezkariek.

"Txirrindularien sendia triste dago, gutako baten heriotzak kikiltzeaz gainera eragiten digulako errepideari beldur apur bat gehiago, tristezi handiagaz batera", adierazi zuten, Irene M. G.-ren sendiari eta lagunei dolumina agertu aurretik.

Bilboko txirrindularien familiak datorren azaroaren 29an emango dio azken agurra Irene M. G.-ri. Egun horretan, Aldundiaren foru-jauregitik aterako dira, 19:30ean; sopeloztarrak istripua izan zuen lekura joango dira, eta bertan bizikleta zuri bat ipiniko dute, bere oroimenez.

Istripua

Joan den martitzen goizean, 08:55ak aldera, kamioi batek 46 urteko emakume sopeloztarra harrapatu zuen Bilboko Autonomia kaleko eta Sabino Arana etorbideko bidegurutzean, Uriolak zabaldu duenez. Antza denez, kamioiak txirrindularia aurreratu eta eskumara biratu zuen, emakumea jotzen. Kolpearen eraginez, sopeloztarra kamioiaren azpian harrapatuta geratu zen. Suhiltzaileek erreskatatu ondoren, osasun-beharginek andrea eroan zuten Gurutzetako ospitalera, larri. Bertan hil zen.

Kamioilariak negatibo eman zuen alkohol- eta droga- probetan, eta azaldu zuen ez zuela txirrindularia ikusi. Hasiberrien L-a zeroan kamioian.

Bilboko Udaltzaingoak ikerketa abiatu du, gertatutakoa argitzeko.

Argazki-galeria (© ECUADOR ETXEA)

Irene G. M.-ren heriotza salatzeko mobilizazioa

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun