Surf- eta parapente-eskoletan lehiakortasuna sustatu gura du Sopelako Udalak

Iker Rincon Moreno 2018ko aza. 21a, 13:27
Parapenteak. © SOPELAKO UDALA

Sopelako Udalak "programa aitzindari bat" abiarazi du, udalerriko surf- eta parapente-eskolen lehiakortasuna sustatzeko.

Egitasmo horren ardatza izango da sektoreko enpresen berrikuntza eta eraldatze digitala sustatzea. Surfak erakartzen duen turismoa "Sopelako garapen ekonomikorako ardatz estrategikoa da", Udal Gobernuaren ustean. Parapentearen kasuan, berriz, Sopelari "balio erantsia" ematen diolakoan dago Udala, Bizkaiko beste herrietan jolas- eta kirol-jarduera hori gutxi hedatuta dagoelako.

Ekonomia Sustatzeko Sailak Bloowatch kudeaketa espezializatuko softwarearen zerbitzua eskaintzen die programan parte hartu gura duten aisia- eta astialdi-enpresei. Aplikazioak urte batean bere negozioen kudeaketarako plataforma digital bat izatea ahalbidetzen die. Udalak zabaldutakoaren arabera, "sistema digital aitzindaria da Estatuan, baina Europan eta Amerikan dozenaka enpresek erabiltzen dute daborduko, bere bezeroei ematen dizkien zerbitzuen kudeaketa eta kalitatea hobetzeko".

Programak hainbat zerbitzu eskaintzen ditu surf- eta parapente-eskolentzat: negozioetako giza baliabideen kudeaketa; online egindako erreserba; bezeroen fitxategien kudeaketa eta online-marketina bezalako sailetan eraldatze digitalaren inguruko aholkularitza. Programak gida bat editatzea aurreikusten du Sopelan:  "Surf- eta parapente-industriaren garapen jasangarrirako Jardunbide Egokien Gida".

Teresa Fernández Enplegu eta Ekonomia Sustatzeko zinegotziak uste du programa hori sektore turistikoko bertoko industriak digitalizazioan sartzeko aukera bat dela, "ekonomia erabat aldatzen dabilen prozesu atzeraezina da, eta oraingoz, berrikuntzaren eragile nagusia ere bada, enpresen eta lurraldearen lehiakortasuna bultzatzen eta ongizate kolektiboa hobetzen".

Bloowatch enpresa bizkaitarraren sistema liderra da surf-eskoletarako eta turismo aktiborako kudeaketan, erreserban eta komunikazioan. Sistemak enpresa horiekaz lotutako zerbitzu denak garatzea eta automatizatzea ahalbidetzen du. Izan ere, eskola horien jardueretako agendaren kudeaketa egiteko oinarritzen da aldagai oso espezializatu eta berritzaileetan. Hala nola, eguraldia eta mareak bezalako parametro nagusiak erabiltzen ditu, ikastaroen edo alokairuen kudeaketa errazteko. Udalaren arabera, Bloowatch hedatze-fasean dago, merkatu berriak irekitzen hainbat herrialdetan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun