Elikadura osasungarria sustatzeko programa batean parte hartuko du Ander Deuna ikastolak

Unai Brea 2019ko ots. 6a, 13:10

Argazkia: ANDER DEUNA

Ander Deunako 200 ikaslek joko berezi batean parte hartuko dute otsailean eta martxoan: modu osasungarrian jatea da joko horren helburua, eta sariak eta guzti jaso ahal izango dituzte ondo eginez gero. Eusko Jaurlaritzak ipini du abian egitasmoa.

Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. maila bitarteko umeak izango dira elikadura-ohitura egokiak errotzeko martxan ipinitako programaren partaideak. Hala, menuan aldaketa batzuk izango dituzte: barazki gehiago, arrain gehiago, esneki gutxiago... Astean lautan egongo da barazkia, eta fruta izango nagusi bazkal-buruetan.

Gutxienez plater osasungarrien %75 jaten dituztenek diploma irabaziko dute egitasmoaren amaieran. Gela bateko ikasle gehienek lortuz gero, gela osoarentzat izango da saria. Etxean zer jaten duten ere kontuan hartuko da. Ikastolako sukaldeaz arduratzen direnen esanetan, lan handiagoa emango die egitarau berriak, plateren garnizioak batez ere barazkiz egingo baitituzte.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Osasun sailek abiarazitako programa baten barruan dago Ander Deunako ekimena. Gaur egun, EAEko hamar umetik hiruk gainpisua daukate, eta horrek osasun-arazoak sor diezazkieke etorkizunean. Horregatik, jaki egokiagoak jaten irakatsi gura diete. Azaldu dutenez, 3. eta 6. mailen artekoak aukeratu dituzte adin horretan errazagoa delako jateko ohitura hobeak finkatzea

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun