“Hezkuntza arrazionala jasotzen dute soilik gure gazteek, emozioei ez zaie erreparatzen”

Kerman Santiago Alkorta 2019ko ots. 12a, 12:00

Uribe Kostako Guraso Eskola elkarteak ekimen berria jarri du martxan, Sopelan. Hitzaldiak antolatu ditu urtarrila eta martxoa bitartean, gurasoek seme-alaben egoeraz hausnartu dezaten. Hainbat adinetako taldeak osatu ditu, eta guk 12 eta 16 urte bitarteko gazteen gurasoakaz elkartzen dabilen adituakaz egin dugu berba. José Morgado Nisa da bera, soziologoa, coach-a eta esku-hartze komunitarioan aditua.

Gazteentzat errealitatea zer den azaldu zenien gurasoei lehenengo hitzaldian, badu alderik heldu batek errealitatearen inguruan duen kontzeptuagaz?

Gurasook hautematen dugun errealitatea gure gazteek hautematen dutena baino askoz ezberdinagoa da. Gure seme-alabak nerabezaroan sartzen direnean, haien erdigunea gurasoak izatetik kuadrilla izaera pasatzen da, eta aita-amei hori onartzea asko kostatzen zaigu, gure umetxo maiteak izaten jarraitzen dutelako. Gurasook uste duguna baino mundu gehiago dago, eta mundu horietan barrena sartzea eta zer dagoen ezagutzea da gure egitekoa.

Etapa berri batean sartzen dira, eta aldatzen dira...

Hala da, eta ordura arte sumatu ez dituenak antzematen ditu gazte batek. Emozioak bizi-bizian sentitzeari ekiten diote institutura ailegatzean. Maitasunaren agerpenak lehenengo kilimak dakartza... Eta hementxe, hain zuzen ere, datorkie gazteei gurasoekin komunikatzeko zailtasuna eta haiekiko urruntasuna. Emozioak azaleratzeak hezkuntzaren parte izan behar du, baina ez dago hori lantzen duen irakasgairik. Horregatik, gazte eta nerabeek erreferentziak hartzen dituzte bizpahiru urte gehiago dituztenengan.

Baina, emozioak etxean ere ez dituzte lantzen...

Ez, jakina. Eskolaz gain, gurasoekin ere ez dute emozioen inguruan hitz egiten. Hitzaldiak ematen ditudanean, beti galdetzen diet aita-amei ea non sentitzen duten beldurra, eta gehienek, burua seinalatzen dute, sabela denean ikararen emozioa pairatzen duen atala. Nola jakingo dute non sentitzen dituzten emozioak gazteek, gurasoek ere ez dakitenean?

Gaur egun gazteak dira kaltetuak?

Ni beti nago ume eta nerabeen alde, uste baitut etsai asko dituztela dagoeneko. Beti ematen diet gomendio berbera hitzaldira datozen gurasoei: eskuzabalak izan zaitezte. Ez da haiengan beti itsu-itsuan sinistea, ezta uneoro zigortzen ibiltzea ere, adi egotean baino ez dago giltza.

Porrot egin du gaur egungo hezkuntzak, zure ustez?

XXI. mendean bizi gara, eta informatika eta teknologiaren alorrean aurrerakuntzak egon direla bistan dago, ezin dezakegu berdina esan, ordea, hezkuntzaren inguruan. Hezkuntza arrazionala jasotzen dute soilik gure gazteek, eta emozioei ez zaie erreparatzen, aurrez aipatu bezala. Gazte batek ez dio aginduei gogoz erantzuten, eta mugak gorroto ditu. Gurasook irtengo gara egoeratik kaltetuta ziur asko, eta seme-alaba gugandik urruntzen hasiko da. Hori gerta ez dadin, “limurtze-heziketa” erabili behar dugu, hots, animatu, lagundu, motibatu eta berarekin gustuko dituen gaiez aritu.

Baina, eskolan eskatzen diotena bete beharko du...

Horregatik hausnarketa planteatzen dut nik, sistema eraldatzeko asmoz. Gure seme-alabek lan-munduan arrakastarik handiena lor dezaten gura dugu, baina hezkuntzak, aldiz, ez ditu guraso askok gure seme-alabentzat buruan ditugun xedeak kontenplatzen; komunikatzeko gaitasuna, erreakzio-abilezia, autokontrol emozionala, besteak beste. Zaila da, guk nahi dugun mailara iristea, prestakuntza sendorik jaso ez baldin badu eskolan, egindako alferrikako lan eskerga, porrotara.

Horren harira, nerabeek pairatzen duten antsietatea ere lantzen duzu gurasoakaz, beharrezkoa al da?

Gaur egun, ume eta gazteak itota bizi dira. Gosaritik hasten ditugu lasterketak, klasera joan, egon geldirik, atsedenaldian ez dezala gaiztakeriarik egin, azkar bazkaldu, ez egin ergelkeriarik, eskolaz kanpoko ingelesa askaria hartu eta berehala, etxeko lanak egin, ikasi, dutxa hartu, afaldu eta ohera. Badago munduan baldintza hauetan bizi baino kartzela-zigor hoberik. Guraso eta hezitzaileok ume eta gazteei exijitzen diegu gure buruari eskatzen dioguna baino askoz gehiago, antsietate-maila ikaragarria sustatuz. Zer nolako gizartea nahi dugu?

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun