Hainbat abantaila izango ditu bazkide egiten denak; kultur agenda jasoko du, hilero liburu-proposamen bat egingo zaio eta kontzertu batera doan joateko aukera izango du, besteak beste. “Zenbat eta denbora gutxiago eman alokairuaren inguruan pentsatzen, orduan eta denbora gehiago emango dugu ekintza, ekimen eta proiektu berriak antolatzen”, adierazi dute Plaza Beltzako kideek.
Asanbladetara joateko gonbitea ere luzatzen dute lokalean; eguaztenero egiten dituzte, 19:00etan.
2006tik martxan
Ganebarri Gaztetxean ibilitako kide batzuek ekin zioten kulturgune berriko proiektua antolatzeari, eta 2006ko udan ireki zituen ateak Plaza Beltzak; ekintza kultural, politiko eta sozialak gauzatzeko asmoz. Herri-liburutegia eraiki zuten bertan lehenik, baina 2017an lokalari beste erabilera emango ziotela erabaki zuten. Liburutegira joatea eskaintzeaz gain, kontzertuak, antzezlanak, hitzaldiak eta erakusketak ere antolatzen dituzte ordutik.