Sopela Business Market ekimena egingo dute, martxoaren 13an eta 14an

Kerman Santiago Alkorta 2019ko mar. 12a, 09:56

Bihar eta etzi Sopela Business Market proiektua egingo dute, hirugarren urtez. Mahai-inguruak, berbaldiak eta networking batzarrak antolatu dituzte, besteak beste. Sopela ekintzaile eta inbertitzaileen topagune izatea da helburua.

Bihar, 9:00etatik aurrera Sopelako Kurtzio Kultur Etxean hasiera emango diote Udaleko Enplegua eta Ekonomia sustatzeko sailak antolatutako proiektuari. “Eremua izango dute euren proiektuak bultzatzeko parte-hartzaileek, finantzabideak aurkitzeko, prestakuntza eta harremanak lantzeko”, azaldu du Teresa Fernandezek, saileko zinegotziak.

Inaugurazio instituzionalaren ondoren mahai-inguru bat egingo dute, eta bertan Euskal Herriko Unibertsitateko eta Deustuko Unibertsitateko hainbat ordezkarik egingo du berba.

Sopela Business Market-en teknikari batek azaldu digu udalerrira onura ekarriko duela proiektuak, eta Sopelak “enpresa-sorkuntzan erreferente” izan behar duela ere esan du. “Aurreko edizioen arrakasta ikusita, ekintzailetzaren arloan garapena izan dugu Sopelan, produktibitateak ere gora egin du, eta gure herriaren biztanleen ongizatea sustatu da”, gehitu du teknikariak.

Sopelako bizilagun guztiak gonbidatu nahi izan ditu Udalak martxoaren 13 eta 14an Kurtziotik pasatzera, sarrera doakoa izango baita leku kopurua bete arte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun