Maitena Aurrekoetxea: "Txistua orkestrako beste edozein tresnaren maila berean dago"

Unai Brea 2019ko mar. 14a, 13:26
Hogei urte daroatza Barinatxe Txistu Taldeak kalejirak alaitzen, besteak beste. Lehenengo lerroan doan emakumea da Maitena Aurrekoetxea sortzailea. © BARINATXE TXISTU TALDEA

Euskal Herriko Txistulari Elkarteak urteroko batzar orokorra egingo du zapatuan Sopelan. Horregaz batera, hainbat emanaldi egingo dituzte goizez herrian. Txistu Egunaren antolakuntzan buru-belarri dabil Maitena Aurrekoetxea, Sopelako Barinatxe Txistu Taldeko sortzailea. Haregaz berba egin dugu musika-tresna horren egoeraz.

Barinatxe Txistu Taldeak hogei urte. Gogoan daukazu taldearen hasiera?

Ni Barakaldokoa naiz, baina orain dela 40 urte etorri nintzen Sopelara bizitzen. Betidanik jo izan dut, baina baina etorri ostean txistu-ikasketak egiten ere hasi nintzen, umeei eskolak ematen... Eta neure burua eskaini nion Udalari kalejirak eta halakoak egiteko, lehenago ere Barakaldon neba-arrebakaz horrela ibiltzen nintzen eta. Talde txiki bat sortu genuen hemen, eta, egoera erregularizatzeko, Barinatxe elkartea ere ba. Laser hasi ginen han-hemenka jotzen, Uribe Kostan batez ere.

Eta ospatzeko, Sopelara ekarri duzue Txistu Eguna.

Urtero herrialde batean egiten da batzarra. Aurten Bizkaiaren txanda zenez, hogeigarren urteurrenaren aitzakiagaz hemen egiteko eskatu nuen.

Zer bilakabide izan du Barinatxek hogei urteotan?

Denetik izan da: jende asko ibili den momentuak, jende gutxiagokoak... Ahapeka esango dizut: gero eta ume gutxiago dabil. Gero batzuk, heldutasunean, bikotea osatu eta umeak eduki ostean, bueltatu egiten dira.

Txistua dantza-taldeei lotuta egon izan ohi da, jende gehienaren iruditerian behintzat, ezta?

Bai, eta gehienbat hortik etorri izan dira txistulariak, baina kontserbatorioan txistu-karrera ipintzeaz geroztik, bagaude dantza-arloan ibiltzen ez garen txistulari asko, kontzertuak prestatzen ditugunak, beste tresna batzuekaz jotzeko konposizioak egiten ditugunak... Txistua askoz "kultuagoa" da gaur egun, daborduko orkestrako beste edozein tresnaren maila berean dago, orain gauza konplexuagoak jotzen ditugu. Edozer jo daiteke txistuaz, Ravelen Bolero-tik Beethoveneraino.

Hala ere, azken hamarkadetako eboluzio hori gertatu arren, ez dakit ez ote den oraindik txistua mugatutako tresnatzat hartzen...

Orain dauzkagun txistuak guztiz harmonizatuta daude, beste edozein musikari bezala jotzen dugu. Hortxe dago, berbarako, Garikoitz Mendizabal, gauza zoragarriak sortzen, diskoak kaleratzen... Oso maila altuan lan egiten da orain; txistuak soinu zoragarriak ditu, eta honezkero ez da fa sostenituan baino jo ezin zitekeen zera hura.  

Dena den, bitxia da azken urteetan kalejiretan aparretan dabilena trikitia dela, eta Euskal Herriko ere ez da, Italiakoa baizik. Guri berriz, kostatu egiten zaigu leku topatzea. Zapatuan erakutsi gura dugu oraindino asko garela, eta oso izen handiko txistulariak etorriko dira: Sabin Bikandi, Jose Ignazio Ansorena... Tresna oso sakon aztertu duen jendea da, eta hura gordetzeko lanean dabilena. Uste dut zoragarria dela ia-ia artzain-tresna zenari (azken batean moko-txirula bat da) izate sendo bat eman izana, esango nuke Euskal Herrian baino ez dela gertatu hori.

Ansorena aipatu duzunez gero... Txistu modernoaren bultzatzaile nagusia bera dela esan liteke? 

Bai. Berak asmatu zuen kontserbatorioko metodoa; nik, orain 30 urte, horixe erabili nuen neure ikasketetan. Ansorenak frogatu zuen txistuagaz gauza asko egin daitekeela.  

 

SOPELAKO TXISTU EGUNAREN EGITARAUA:

Martxoak 16, zapatua

  • 09:15  Txistularien topaketa Udaletxeko plazan. Ondoren, diana herrian zehar
  • 10:15  Euskal Herriko Txistulari Elkartearen Batzar Nagusia, Kurtzio Kultur Etxean
  • 12:00  Kalejira Kurtziotik Udaletxera
  • 12:30  Agintarien harrera
  • 13:00  Kontzertua Udaletxe aurrean (euria egingo balu, Jauregizar plazan)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun