Sopelako kiroldegiko langileek jakinarazi dutenez, urtebeteko epea dute hitzarmena berritu eta Bizkaiko kiroldegi eta kirol-zelaienaren barruan mantentzeko. 2020rako hori lortzen ez badute, espainiar Estatuko hitzarmenaren barruan sartuko direla deitoratu dute, horrek dakarren baldintzen prekarizazioagaz. Hala ere, Sopelakoek HIRUKAri jakinarazi diote udal-mailako hitzarmen bat lortzen saiatuko direla, hori lortzea zaila ikusten duten arren.
Gaur egun, Be One enpresak kudeatzen ditu Sopelako kiroldegietako instalazioak; hala, beharginak enpresagaz harremanetan jarri eta lan-hitzarmen duin baten alde egiteko eztabaidak abiatu dituztela azaldu dute.
ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek Sopelako kiroldegiko langileen borroka babestu dute. Salatu dutenez, zerbitzu publikoen lizitazioaren bitartez erakundeak "aukerarik merkeenaren bila" ibiltzen dira "benetako beharretan oinarritu beharrean". Era berean deitoratu dute erakundeek aukerarik merkeenari esleitzearen prozesu horrek langileen prekarietatea dakarrela, ezinbestean: "jardun murritzak, aldi baterako kontratuak, jai egunen eta klaseen prestakuntzarako denboraren aitortza eza, lanpostu eta ordu berriak eskuratzeko berme eza, lan arropa egokirik ez, pertsonal urria…".
Langileen ustez, kiroldegiko erabiltzaileek ez dute ezagutzen bertakoen prekarietatea; hori dela eta, egingo dituzten mobilizazioen bidez ez dute gura erabiltzaileak aztoratzea, kontrakoa baizik, zerbitzuaren kalitatean sakondu gura dute. Hortaz, lan-baldintzak hobetzeko egingo dituzten mobilizazioak eta paroa babesteko eskatu diete bezeroei.
Bizkaia mailako borroka
Sopelako beharginen salaketa ez da udalerri horretara bakarrik mugatzen; izan ere, Bizkaiko kiroldegi eta kirol zelaien hitzarmena duintzeko borroka abiarazi dute hainbat lekutan. Langileen HIRUKAri azaldu diotenez, 18 hilabeteko negoziazioa daramate langileek eta administrazioek, azken 30 urteotako hitzarmenak duinak izan ez direlakoan; "ez gaude prest adar jotze hau onartzen jarraitzeko, sektorearen egoera jasanezina da".