Udako jaiak 2019

Sopelako jai-batzordea: "Urteko egun bakarrak dira denok elkarregaz egoteko"

Erredakzioa 2019ko eka. 20a, 20:48

© SOPELAKO JAI-BATZORDEA

Azken urteetako ohiturari jarraituz, Sopela eta Larrabasterrako jai-batzordeak antolatu ditu San Pedro jaiak. Ekainaren 27tik 30era arte izango dira horiek, eta antolatzaileek iragarri dutenez, adin eta gustu denentzako egitaraua prestatu dute. Horien ondoren, Karmengo jaiak ospatuko dituzte, uztailaren 12tik 16ra.

Atzerako kontaketa hasi da Sopelako udaletxetik txupina jaurti eta San Pedro jaiei hasiera emateko. Aitziber Onaindia eta Garazi Torrealdai jai-batzordeko kideek iragarri digutenez, ekainaren 28an hasiko dira ospakizunok. Hala, lau egunez, ekitaldiz beteriko festez gozatu ahal izango dute sopeloztarrek, eta kanpotik etorritakoek. "Adin guztientzako eta gustu denentzako egitarau bat prestatu dugu. Jaiak denonak dira, urtean denok elkarregaz egoteko aukera eskaintzen digute ospakizunok eta behar-beharrezkoak direla uste dugu" diote. Zeregin horretarako, buru-belarri lanean dihardu jai-batzordea egunotan, "egitaraua osatuta dago, baina lana dago oraindino. Badakigu zer egongo den, baina aurrera atera behar ditugu gauza horiek".

Sei urte igaro dira jai-batzordea osatu zenetik eta denbora-tarte horretan egindako ibilbidean lortutako esperientziak zeregin horretan laguntzen duela diote Onaindiak eta Torrealdaik: "Urtero jende berria etortzen jai-batzordera, baina martxa hartua dugu jada. Urtez urte errazago egiten zaizkigu antolaketa-lanak". Jai-batzordearen izaera herrikoi hori da gakoetako bat. Sortu zenetik argi zuten Sopelako eta Larrabasterrako jaiek "herritik herriarentzat" izan behar zutela, eta fidel heldu diote lelo horri. Udalerriko elkarteek eta norbanakoek osatzen dituzte festak, baita kuadrillek ere. Aurten, gainera, Ugeragako nesken futbol-taldea batu da zeregin horretara, eta Larrabasterrako jaietan ekimen berezi bat egingo dutela iragarri dute antolatzaileek.

Kuadrillen jaitsiera, jolasak, dantza-plaza, kontzertuak...Urtez urte arrakastatsuak diren ekitaldiak izango dira aurten ere Sopelan. Horien artean paella-txapelketa ere nabarmendu dute sopeloztarrek: "Aurten hirugarren aldiz antolatuko dugu, eta aurrekoen arrakasta ikusita, oraingo honetan ere jende asko biltzea aurreikusten dugu".

Sopelako San Pedro eta Larrabasterrako Karmengo jaien egitarauen berri izateko, deskargatu gure app-a, doakoa da!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun