Euskadiko Surf Egokituko Nazioarteko Txapelketaren estreinaldia, Arrietaran

Unai Brea 2019ko uzt. 10a, 15:19

Antzolatzaileen zein erakundeen ordezkariek parte hartu dute Bilbon egindako aurkezpenean. Aurreko lerroan, ezkerretik eskumara, Aimar del Pozo, Aritza Saratxaga eta Alvaro Bayona. UNAI BREA

Aste-akabuan nazioarteko surflariz beteko da Sopela, Arrietara hondartzan egingo den Surf Egokituko Nazioarteko Txapelketan parte hartzera etorriko baitira mota denetako ezgaitasunak dituzten eta kirol horretan diharduten 70 profesional. Peña Txuri Surf Taldeak, Alvin Bayona Fundazioak eta @haimandelpozo kontuak antolatu dute ekimena, eta gaur egin dute aurkezpena Bilbon.

Aritza Saratxaga Pela Txuri Surf Eskolako koordinatzaileak eta Alvaro 'Alvin' Bayona kirolari katalanak gogoratu dute halako batean etorri zitzaiela surf egokituko txapelketa bat Sopelan egiteko ideia. Bayonak eskarmentua du horrelakoetan parte hartzen (2010etik gurpildun aulkian ibiltzen da kirol-istripu baten ondorioz, eta aitzindaria izan da hainbat arrisku-kirol egin ahal izateko egokitzapenak asmatzen), eta bere nazioarteko kontaktuei deika ohartu zen ekimenak arrakasta izango zuela. Antolatzeari ekin zioten, honenbestez.

Lan horren emaitza zapatuan eta domekan (uztailak 13 eta 14) egingo den nazioarteko txapelketa izango da. Aurretik, bariku arratsaldean, mundu osotik etorritako parte-hartzaileei harrera egingo zaie Sopelako Udaletxean. Surflariak zortzi kategoriatan lehiatuko dira, eta 17.000 euro banatuko dituzte sarietan. Profesionalek ez ezik, dibertsitate funtzionalen bat daukaten eta lehenengoz surf egokituan jardun gura dutenek ere aukera edukiko dute hainbat momentutan uretan murgiltzeko, adituen laguntzagaz. "Oso oinarrizkoa jarduera izango da noski", ñabartu du 'Alvin' Bayonak, "ez dira olatu-olatuetan sartuko".

Honakoak izango dira txapelketaren kategoriak:

  • AS1: Olatuak zutunik hartu ditzaketen, baina gorputz-adar bat edo bat baino
    gehiago falta zaien surflariak.
  • AS2: Olatuak belaunikatuta edota jesarrita hartzen dituzten surflariak.
  • AS3: Olatuak aulki batean jesarrita hartzen dituzten surflariak.
  • AS4: Olatuak etzanda hartzen dituzten eta autonomoak diren surflariak.
  • AS5: Zutunik izan ezik, edozein posiziotan taula gainean jartzen diren eta uretan
    dauden bitartean arraun egiteko laguntza behar duten surflariak.
  • AS6: Surflari itsuak edota ikusteko desgaitasuna dutenak.
  • AS7: Surflari gorrak edota entzuteko desgaitasuna dutenak.
  • AS8: Desgaitasun intelektuala duten surflariak.

Maila bakoitzean, lehengo saria 600 eurokoa izango da, bigarrena 300ekoa eta hirugarrena 200ekoa. Gainera, olatu onenaren hartzaileak 1.000 euro irabaziko ditu. Sariak berdinak izango dira emakume zein gizonentzat. Domekan, arratsaldeko 18:00etan egingo dute sari-banaketa.

"Mugak buru barruan daude"

Peña Txurigaz eta Alvin Bayona Fundaziozagaz batera, Txapelketa antolatzeko lanean dabil Aimar del Pozo, hain zuzen Peña Txuriko ikaslea izandako surflaria. "Mugak ez daude fisikoan, buru barruan baizik", esan du. Orain dela lau urte bere lagunak surfean hasi ziren, bera ikustera joaten zen, eta horrela ezagutu zuen Aritza Saratxaga irakaslea. Gaur egun Del Pozo bera da surflaria. "Erakutsi gura dugu kirola egiteko gau garela", adierazi du.

"Nazioarteko txapelketa bat izango da, bestelako adjektibo barik"

Erakundeen ordezkari egon dira Josu Landaluze Sopelako alkatea eta Carlos Atxotegi, Bizkaiko Foru Aldundiko kirol-aholkularia. Atxotegik esan duenez, "ikusiko duguna nazioarteko surf-txapelketa bat da, beste barik, ez du adjektiborik behar; kirol-ikuskizun handia izango da, eta espero dezagun jende asko kirola egitera bultzatuko duela".

Azkenik, txapelketaren sustatzaileetakoa den BBK Fundazioko Nora Sarasolak adierazi du gustatuko litzaiokeela mota honetako ekimenek surfa kirol paralinpiko izenda dezaten balio izatea, olinpiko izaera lortu berri duen honetan. 

 

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun