Udako jaiak 2019

Badatoz Larrabasterrako Karmenak!

Erredakzioa 2019ko uzt. 11a, 13:26

Egutegiaren apetak behartuta, aste-akabuan hasi eta martitzenera arte luzatuko dituzte aurten Karmengo jaiak Larrabasterran. Emaitza, primerakoa: mota askotako ekitaldiez gozatzeko bost egun.

Dena prest dago Larrabasterrako jaiak abiarazteko. San Pedro jaien ajea ahaztuta, karmenek hartuko dute jaien lekukoa, herriko kaleak kolorez eta alaitasunez betetzeko asmoz. Ohi den legez, Udalak, elkarteek, kuadrillek eta auzokideek osatzen duten jai-batzordeak askotariko programa prestatu du, eta, goraipatu duenez, festen izaera parte-hartzailea eta herrikoia bultzatu gura dute. Nabarmendu dutenez, aurtengo erronka urte guztietakoa izan da: adin denetakoentzako moduko egitaraua osatzea.

Inongo pikerik sustatzeko asmo barik (barka egiguzue txantxa merkea), azpimarra dezagun egun bat gehiago izango dutela Larrabasterrako jaiek Sopelako sanpedroek baino, karmenetako egitaraua hain gizena ez bada ere. Bost axola guri, batzuez zein besteez gozatzeko asmoa dugunoi, uztailaren 12ko arrastitik hasita. Mozorro-kalejira eta pregoiaren irakurketa izango dira festen abiapuntua. Ondoren, Epa Txiki musika-ikuskizuna eta, beranduago, Urrats taldearen kontzertua izango dira Urgitxieta plazan, jaien epizentro betean.

Urgitxietatik Urkora

Zapatuan etorriko da aurtengo jaien berrikuntza nagusietako bat: Ugeraga klubak antolatutako Emakumezkoen Futbol-7 Txapelketa, Urko zelaian. Arrastiko 18:00etan izango da hori; lehenago, eguerdian, ume eta gazteek edukiko dute gozatzeko aukera Urgitxietan. Eurentzat beren-beregi ipinitako jolas-parkeez gainera, sukaldaritzan trebatzeko Txiki Txef tailerra izango dute.

Domeka osoan Urko ingurua izango da jaiaren gune nagusia, baina kasu honetan ez futbolagatik, marmitako-lehiaketagatik baino. Urtero legez, han emango dute egun gehiena kuadrillek, iluntzean plazara joan aurretik. Batzuek, beharbada, behin hasita ikusiko dute Kale Gorrian, Barsanti konpainiak eskainitako kale-antzezlana. Ostean musikak hartuko du protagonismoa. Lehenik eta behin, jotaren maitaleek primeran pasatuko dute Corrientes Navarras taldeak Iberrota plazan egingo duen emanaldiagaz. Gauean, berriz, Queen banda ingelesaren omenezko kontzertua izango da Urgitxietan, Play The Game taldearen eskumenez.

Astelehenean jaiek ez dute etenik izango. Askok lanera bueltatu beharko dute egun horretan, ez ordea ume eta gaztetxoek, eta haiei begirakoa izango da egitarauaren zati handi bat, goiz eta eguerdi aldean batez ere. Bestelakorik egongo da hala ere, berbarako 13:00etan hasiko den Los Txikis taldearen bilbainada-kantaldia. Eta arratsaldean, berriro kale-antzerkia izango da gozagarri, kasu honetan Trapu Zaharra konpainiak eskainitako Turisteando obra. Gaueko kontzertua Puro Relajo taldeak emango du.  

Karmengo amabirjinaren egunean amaituko dira jaiak. Eguerdiko mezaren ostean, ohorezko aurreskua eta Sopelako Lagun Artea abesbatzaren kantaldia izango dira, eta horren ondoren Eguzkilore eta Meñakoz bertako taldeek eskainiko dute euskal dantzen erakustaldia. Beste erakustaldi bat, baina oraingoan sokatira mistoarena, arrastian egingo dute Gaztedi taldeko kideek, Karmen Jaietako II. Sokatira Herrikoiaren aurretik hain zuzen. Eta jaia amaitzeko Korrontzi folk-talde ezagunak emango du kontzertua Urgitxietan, hainbat dantza-talderen parte-hartze eta guzti.

Larrabasterrako jaien egitarauaren berri izateko, deskargatu gure app-a, doakoa da!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun