Bost pertsona atxilotu dituzte egunotan Sopelan

Erredakzioa 2019ko abu. 12a, 11:07

Sopelako Udaltzaingoak bost pertsona atxilotu ditu udalerrian, hainbat delitu egitea egotzita.

Joan den astelehenean, abuztuaren 5ean, epailearen agindu bat indarrean zuen Lezamako 38 urteko gizonezko bat atxilotu zuten, gidatzen zihoan autoa gelditu ondoren.

Hurrengo egunean, martitzenean, udaltzainek aurreko egunean lapurtutako auto bat berreskuratu ahal izan zuten Sorondota kalean. Era berean, operatibo berezi bat burutu zuten Loiola Ander Deuna kaleko lokal batean. Udal-iturriek zehaztu dutenaren arabera, poliziek sustantzia estupefazienteak kontsumitzen zituzten pertsonen joan-etorriak atzeman zituzten bertan. Hala, udaltzainak bertaratu eta droga konfiskatu, pertsona bat identifikatu eta 22 urteko gizonezko bat atxilotu zuten. Azken horrek, gainera, auzitegi batek jarritako atxiloketa agindua zuen eta, orain, gainera, osasun publikoaren kontrako delitu batengatik ikertua izaten ari da.

Eguaztenean, abuztuaren 7an, 23 eta 25 urteko Bilboko gizonezko bi atxilotu zituzten Barinatxe hondartzako aparkalekuan zegoen auto batean lapurtzea egotzita. Iturriek jakinarazi dutenez, atxiloketa herritarren laguntzari esker burutu ahal izan zen; ostutako objektu denak berreskuratu zituzten.

Azkenik, eguenean, Loiola Ander Deuna kalean matxuratutako auto bateko gidariari laguntzera hurbildu ondoren, ibilgailuak IAT indarrean ez zuela ohartarazi ziren udaltzainak. Azaldu dutenez, gainera, asegururik ere ez zuen eta gidariak gidabaimeneko puntu denak galduta ei zituen. Hala, hura ikertua eta auzi arin batera deitua izan da bide segurtasunaren aurkako ustezko delitu batengatik. Horrez gainera, atxilotu ere egin zuten, Gernikako auzitegiak horren kontrako atxiloketa-agindua zabaldu zuela egiaztatu ondoren.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun