Udalak semaforo bi horiek itzali egingo ditu datorren astean eta zerbitzuz kanpo egongo dira gutxienez hilabete batez. Epe horretan zehar, hartutako neurriak trafikoa bizkortzen laguntzen duen aztertuko da eta oinezko zein ibilgailuentzako bide segurtasuna mantentzen den edo ez baloratu ahal izango du. Gobernu taldeak azaldu duenez, "semaforo hau aldi baterako kentzeko neurri hau proba pilotu bat baino ez da, gune horretako zirkulazioa benetan hobetzen den ala ez jakiteko balioko diguna".
Erabakiak berehalako ondorioak izango ditu udalerriko erdiguneko trafikoan, kotxeak gutxiago geldituko baitira eta kutsadura nabarmenki murriztuko baita, udal-arduradunek iragarri dutenaren arabera. Era berean, Udalak Akilino Arriolakoa bezalako "beharrezkoak ez diren semaforoak" kentzeak, aurrezte ekonomikoa ekarriko duela uste du, mantentze lanen kostua murriztuko baita.
Azpimarratzekoa da neurria Akilino Arriola, Sopelako erdiguneko kale nagusienetarikoa erdi-oinezkoentzako bihurtzeko etorkizuneko proiektuaren testuinguruan kokatzen dela. Garrantzi handiko proiektu horren bitartez, oinezkoei ibilgailuekiko lehentasuna eman gura zaie; eta bestetik, udalerriko erdiguneko komertzioa suspertu. Udalak ez du baztertzen datozen hilabeteetan, eta kalea eraberritzeko proiektua abiarazi baino lehen, mugikortasun eta bide segurtasun arloetan bere aurretiko funtzionamendua aztertzeko neurri gehiago hartzea.