Sopelako Udalak Kosta Festen behi betiko egitaraua zabaldu du honezkero. Aurretik iragarri zuten legez, Hesian taldeak eta El Canijo de Jerez bakarlariak eskainiko dituzte kontzertu nagusiak Udaletxe aurrean paratutako oholtzan, barikuan era zapatuan hurrenez hurren. Horrez gain, beste talde askoren musikaz gozatu ahal izango da eta, zelan ez, kirolaz gozatu, bereziki itsasoan.
Sopelako hondartzetan surf-, skateboard-, kayaksurf- eta bodyboard-zirkuituetako hainbat proba esanguratsu egiteaz gain, herritarrentzako ikastaroak ere izango dira, bai surfean bai skatean ikasteko, eta parapentean jarduteko aukera ere egongo da. Bestalde, jaialdiaren lehen egunetik urriaren 11ra arte ikusbide egongo da Euskadiko surfaren historiaren gaineko argazki-erakusketa, Kurtzio Kultur Etxean. Horri gehitu egin behar zaio bariku iluntzeko surf-zinema emanaldia.
Gildak eta garagardoa
Musika eta kirola ez ezik, beste hamaika aukera eskainiko ditu egitarauak. Esate baterako, Sopela Beer Fest artisautzako garagardo azoka egingo da domeka eguerdian, baita ere gildak dastatzeko eta egiten ikasteko gunea. Umeek ere ekimen ugari izango dute eskura, bai Udaletxeko plazan bai itsasertzean, eta helduek, berriz, Instagram Argazki Lehiaketan parte hartzeko aukera edukiko dute jaialdi osoan zehar.
Egitarau osoa ikus daiteke Kosta Festen webgunean, eta egunez egunekoa HIRUKAren APParen bitartez kontsulta dezakezu eskuko telefonoan (deskargatu hemen doan). Zenbait ekitalditarako aurrez izena eman beharra dago, irailaren 9tik 17ra bitartean. Horretarako aukera webgunean bertan dago.
Plastikoaren erabilera murriztu
Antolatzaileek azaldu dutenez, Kosta Festek bat egin du IHOBE erakundeak sustatutako Erronka Garbia ekimenagaz. Hala, jaialdiak ingurumenean eragin dezakeen inpaktu negatiboa gutxitzea izango da helburuetako bat. Besteak beste, plastiko gutxiago erabiltzeko konpromisoa agertu dute; horretarako, edalontzi biodegradagarriak emango dituzte, edo berriro erabil daitezkeenak.