Miyazakiko World Games txapelketako atzoko jardunaldian Basque Teameko surflari sopeloztarrak egun luze eta gogorra izan zuen. Domekan lehia nagusitik kanporatu ondoren, atzo izan ziren bigarren aukerako erronda denak jokatu behar izan zituen. Erronda batzuetan bere surf onena erakutsi ahal izan zuen, eta beste batzuetan epaileen erabakiaren zain egon zen azken unera arte aurrera egiten zuen ala ez jakiteko. Canalesegaz batera, erronka horretan ibili ziren talde bereko Ariane Ochoa eta Nadia Erastorbe ere.
Ochoa bigarren aukerako bosgarren errondaraino heldu zen; horretan akatsa egin zuen olatuen tartea aukeratzeko lekuan eta Munduko txapelketatik at geratu da. Canales eta Erostarbe bigarren aukerako zazpigarren errondaraino iritsi ziren. Elkarren kontra aritu ziren txanda horretan, baina Nikki van Dijk eta Sally Fitzgibbons australiarrak nagusitu zitzaizkien. Ondorioz, munduko 15 onenen artean sailkatu dira euskaldun biak, 13. postuan Erastorbe eta 15.ean Canales.
Banakako txapelketan kanporatuak izan arren, Aloha Cup-eko taldekako lehia dute oraindino aurretik.
Surfeko Munduko txapelketan, Miyazakin (Japonia), Euskal Herriko lau kirolari daude lehian eta Basque Team Fundazioa han dago euren nondik norakoen berri ematen. Aurtengo Munduko txapelketa oso garrantzitsua da Tokioko 2020 Joko Olinpikoetako sailkapen prozesurako; zoritzarrez, emakumezkoen artean emakume euskaldunek ezin izan dute txartel olinpikorik lortu.
Miyazaki (Japonia) (irailak 7-15):
- Aritz Aranburu (Zarautz)
- Leticia Canales (Sopela)
- Nadia Erostarbe (Zarautz)
- Ariane Ochoa (Bilbo)