Antzinako erritu bat berpiztuko dute antzerki-erako bisita gidatuan

Erredakzioa 2019ko urr. 11a, 13:40
© SOPELAKO UDALA

Soroak bedeinkatzen, ekaitzei oles egiten izeneko bisita gidatua egingo dute Sopelan, Udalak antolatuta, datorren urriaren 19an. Antzina legez, prozesioa egingo da San Pedro elizatik Munarriraino, letaniak kantatzen eta argizarizko gurutzeak eroanda. Parte hartzeko izena eman beharra dago, leku-kopurua mugatua da eta.   

Ondarearen Europako jardunaldien barruko ekimena izango da bisita gidatu berezia. Garai batean, herriko abadea hainbat herritarregaz eta umegaz joaten zen Munarriraino, eta handik herriko soroak bedeinkatzen dituen, gurutzeak zuloetan sartzen zituzten bitartean; horixe bera da datorrena asteko zapatuan egingo dena.

Prozesio horrek "kristautasunaren aurreko kultuakaz" lotura dauka, Udalak azaldu duenez. Kultu haietan, goialdeko guneetara igotzen zen, bertan ipinitako aldareetan trumoien eta ekaitzen kontrako konjuruak esateko. Juan Manuel González Cembellín ikerlari eta historian adituak gidatuko du bisitaldia, eta hark emango ditu ohitura horien gaineko argibideak.

Parte har dezakeen jende-kopurua mugatua dela eta, izena ematea derrigorrezkoa izango da ibilaldira joateko. 94 406 55 19 telefono-zenbakira deitu edo turismo@sopela.eus helbidera idatzi beharra egongo da horretarako. Urriaren 19an, goizeko 10:30ean abiatuko da txangoa San Pedro elizatik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun