Energia-gastuetarako laguntzak eska daitezke gaurtik aurrera

Unai Brea 2019ko aza. 8a, 09:59

Diru-sarrera txikiak dituztenentzat energia-gastuei aurre egiteko laguntzak emango ditu Sopelako Udalak. Denera, 40.000 euro banatuko dituzte helburu horregaz, eta azaroaren 21era arte egongo da zabalik eskariak egiteko epea. Bestalde, Ondare Higiezinen zerga ordaintzeko 70.000 euroko laguntza ere emango dute.

"Familia-unitatearen ohiko etxebizitzan 2019an gastatutako elektrizitatea, gasa edo erabiltzen den beste edozein erregai ordaintzera" bideratuta dago pobrezia energetikoa arintzeko Udalak emango duen laguntza. "Energiaren prezioak nabarmenki garestitu dira azken aldian eta horregatik, Sopelako zenbait etxebizitzatan beharrak asebetetzeko beharrezko energiaren kostu altuari aurre egiteko zailtasunak daude", adierazi dute.

Laguntza hori eskatzen dutenek Sopelan erroldatuta egon beharko dute, gutxienez urtebeteko antzinatasunagaz eta eten barik. Udalak honako gehienezko diru-sarrerak ezarri ditu laguntza jaso ahal izateko baldintza modura:

  • Pertsona bakar batek edo bik osatutako bizikidetza-unitateak: 12.600 euro urtean.
  • Hiru pertsonak osatutako bizikidetza-unitateak: 15.750 euro
  • Lau pertsonak osatutako bizikidetza-unitateak: 18.900 euro
  • Bost pertsonak edo gehiagok osatutako bizikidetza-unitateak: 22.050 euro

Aldi bakarrean emango da diru-laguntza, eta eskatzaile bakoitzak eta elkarbizitza-unitate bakoitzak gehienez 400 euro jaso ahal izango dute, Udalak azaldu duenez.

OHZrako 70.000 euroko laguntza

Bestalde, errenta txikia duten familiei Hiri Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ), zarama-bilketa eta estolderia-tasak ordaintzen laguntzeko beste 70.000 euro bideratuko dituzte; eskaria egiteko epea azaroaren 15etik 30era bitartekoa izango da kasu horretan. Bete beharreko baldintzen artean, eskaria egiten duten pertsonek honako egoera hauetako batean egon beharko dute:

  • Langabezian
  • Pentsioduna, Gizarte Segurantzako edozein erregimenetan
  • Jardunean egon Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren baliokidea den errenta
    bategaz: hilean 900 euro; urtean 12.600 euro.
  • Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren hartzailea
  • Oro har, baliabide ekonomiko nahikorik ez izatea
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun