Sopelako aurrekontuen eztabaida urtarrilaren 30eko osoko bilkurara atzeratzea adostu dute EAJk eta EH Bilduk

Unai Brea 2019ko abe. 3a, 15:57

Hasieran, azaroaren 28ko osoko bilkuraren gai-ordenan zegoen 2020rako Sopelako udal-aurrekontuen gaineko eztabaida, baina EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztu zuen, besteak beste aurrekontu-proposamena aztertzeko oso denbora laburra egon dela argudiatuta, eta EAJ buru duen udal-gobernuak gai-ordenatik puntua kentzea erabaki zuen. Abenduko osoko bilkuraren aurretik ere gaia lantzeko denbora nahikorik ez dagoelakoan, eztabaida urtarrilerako uztea adostu dute gaur talde biek.

"Ez da egon eperik Aurrekontu Proiektua bermez eta kalitatez negoziatzeko eperik", zioen EH Bilduk azaroaren 28an aurkeztutako osoko zuzenketaren lehengo puntuetako batek. "Azaroaren 14an udal-taldeetara eraman zen ofizialki, eta azaroaren 19an aurkeztu zen Informazio Batzordean", azaldu du koalizioak. Gainera, herritarren parte-hartzea kontua ez hartzea leporatu zioten udal-gobernuari.

Gobernuak gai-ordenatik puntua erretiratzea erabaki zuen. Josu Landaluze alkateak HIRUKAri adierazi dionez, "arrazoi du EH Bilduk, denon artean negoziazioa egiteko denborarik egon ez dela dioenean"; eta honela azaldu du aurrekontuen gaineko eztabaida azaroko osoko bilkurara eroan izanaren zergatia: "Maiatzeko osoko bilkura batean, aurreko legealdian, arteko alkateak Udal Lanpostuen Zerrenda berri bat ekarri zuen, eta orduan egindako aurrekontuen aldaketa mantendu izan da orain arte; guk premia eduki dugu aurrekontuak azaroan ateratzeko, horregaz batera Lanpostuen Zerrenda berria ere adosteko, bestela arazoak edukiko genituen". Azkenean, Lanpostuen Zerrendari zegokion puntua onartu egin zen azaroko osoko bilkuran, baina aurrekontuena atzeratu.

Gaur egindako bilera batean, Josu Landaluze alkateak eta Unai del Burgo EH Bilduko zinegotziak adostu dute aurrekontuen eztabaida urtarrilaren 30eko osoko bilkuran egitea, eta bitartean talde politikoen arteko negoziazioei ekitea. Oposizioko beste taldeagaz ere, Elkarrekin Podemosegaz, laster biltzekoa dela jakinarazi du Landaluzek. 

EH Bilduri dagokionez, negoziazio horregaz batera herritarren parte-hartzerako bideak zabaltzeko eskatu zuen azaroaren 28an aurkeztutako osoko zuzenketan. Bestalde, udal-gobernuak aurkeztutako lehenengo proposamenak azpiegituren arloan proiektuak gauzatzeko plangintzarik ez izatea kritikatu zuen, besteak beste.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun