Bere oharrean, Udalak azaldu du udaltzainak eurak izan zirela akusazio partikular modura aurkeztu zirenak, 2017ko martxoaren 21eko jazoerengatik: "Sei agentek bi auzipetuak geldiarazi zituzten, herritarren segurtasuneko eginkizunen barruan. Izan ere, agenteak Zubigane kaleko supermerkatura bertaratu ziren, ustez lapurretan ari zirela informatu zuen telefono bidezko dei bat jaso ondoren".
Epaiak frogatutzat ematen du zigortutako auzipetu biek euren burua identifikatzeari uko egin ziotela, eta horren ondorioz udaltzain batek bietako bati desobedientziagatik atxilotuko zuela esan zionean, udaltzain horri eraso egin ziola, baita immobilizatzen saiatu ziren beste agente batzuei ere. Ondoren, zigortutako beste auzipetua ere immobilizatu zuten, bere laguna atxilotzea oztopatzen ahalegindu zenean. Denera, bertan zeuden sei udaltzainetatik lauk lesioak izan zituzten, eta baja hartu behar izan zuten aldi baterako (hamar egun eta hilabete bitartean).
Sopelako Udalak azpimarratu du sasoi hartan zeresan handia piztu zuela gertakariak: "Gogorarazi behar da gertaera horrek eztabaida sozial handia sortu zuela, bai komunikabideetan baita kalean izan zuen oihartzunagatik. Sopelako Udaltzaingoaren egoitzaren aurrean protesta-elkarretaratzeak egin ziren, agenteen jokabidea eta jarrera 'arrazista' eta 'neurrigabea' izan zela aldarrikatuz, besteak beste".