Inoiz baino gehiago, zinema etxean

Nerea Falagan 2020ko api. 7a, 11:41
Prestatu palomitak etxean zinemaz gozatzeko. CC-BY Andrés Nieto Porras

Garai zail honetan hogeita lau ordutik hogeita lau igarotzen ditugu etxean. Hala, gure etxeko lau hormek osatzen dute gure eguneroko agertokia. Harrigarria bada ere, gizakiok egokitzapen ahalmen handia dugu; sormenari esker, errutinak aro berriari egokitu behar izan ditugu, eta gehienetan oso emaitza onak lortu ditugu. Gure burua eta gure bizilagunak zaintzeko garaia da, baita lasaitzeko eta deskonektatzeko ere. Beraz, aprobetxatu behar dugu normalean etxean denborarik ez ditugun gauzak egiteko; zergatik ez film on batekin gozatu?

Askotarikoak dira egunotan ikusi ahal ditugun pelikulak. Liburuen antzera, pelikulek beste mundu batzuetara murgiltzen gaituzte. Orokorrean, nik film baikorrak gomendatzen ditut: umoretsuak, alaiak, naturarekin harremana dutenak… Zerrenda luzea proposatzen dizuet oraingoan (lan gehienak Netflix eta Filmin plataformetan ikus daitezke, zinemazalea baldin bazara kontu bat egiteak merezi du). 

Euskal zinemagileen azken estreinaldiak

  • El Hoyo (Zuz. Galder Gaztelu-Urrutia) Publikoa deseroso sentituko da lan hotz eta ilun honen aurrean. Gidoi originalak hausnarketara gonbita egingo digu: eta mundua hobeto banatuta egongo balitz?
  • La Trinchera Infinita (Zuz. Jon Garaño, Aitor Arregi, Jose Mari Goenaga) Moriartiko talde ederrak edonor liluratuta uzteko moduan egiten du lan, zinema egiteko moduagatik. Oraingoan, estatu mailako aktoreak izan dute lagun, Belén Cuesta eta Antonio de la Torre kasu. Arrazoi politikoengatik 30 urtez etxean ezkutatuta eman zuen pertsonaiaren istorioa dugu.
  • Ventajas de viajar en tren (Zuz. Aritz Moreno) El Hoyo-rekin batera, film ausarta da Morenoren adaptazio hau (Antonio Orejudoren izen bereko liburuan oinarritua dago). Askotariko ikuspuntuak agertzen dira bateratuta pelikula honetan, non eszena bakoitza aurrekoa baino zoroagoa den.

Pena bat da oraindik Lara Izagirre zinemagile zornotzarraren azkenengo filma estreinatuta ez egotea: NORA. Bada, post-produkzio lanetan daude hilabete hauetan; beraz, zinemagile horren beste lan bat gomendatuko dut:

  • Un Otoño sin Berlín (Zuz. Lara Izagirre) Urte asko atzerrian pasa ostean, June sorterrira bueltatzen da. Hori dela eta, egokitzapen prozesu bat bizitzen du. Denok hainbat aldiz egindako galdera: zein da nire tokia bizitzan?

Barre egiteko filmak

  • Soul Kitchen (Zuz. Fatih Akin) Turkian jatorria duen alemaniar honen film guztiak ikusteak merezi du. Oso trebea da drama eta komedia uztartzen. Istorio honek barreak eragingo dizkizue, seguru asko. Eszena ahaztezinak ditu, esate baterako, plater afrodisiako baten dastaketa.
  • Guillaume y los chicos a la mesa (Zuz. Guillaume Gallienne) Film autobiografiko honek badu bere xarma. Aipatzekoa da nola erakusten duen Guillaumek berak bere amarekin zuen harreman berezia (bi pertsonaiak zuzendariak berak gorpuzten ditu). Umore frantsesa, zalantzarik gabe!
  • The Voices (Zuz. Marjane Satrapi) Umore beltzaren zaleek eskertuko dute gomendio berezi hau. Ryan Reynolds aktoreak primerako lana egiten du generoen nahasketa ezin hobea duen luzemetraia odoltsu honetan.
  • Relatos Salvajes (Zuz. Damián Zsifrón) Film laburrez osatutako film hau edozein momentuan gomendatuko nuke. Egoera zailetan, ze punturaino gara gizakiok gai basakeriak egiteko?

Film hunkigarriak eta hausnarketarako gonbidapena egiten dutenak

  • De tal padre, tal hijo (Zuz. Hirokazu Kooreda) Zer egingo zenuke egun batean ospitaletik deitzean esaten badizute zure haurra jaio zenean errakuntza bat egon zela eta urte hauetan beste ume bat izan dela zurekin? Japoniarraren filmografian, familiako gatazkak dira askotan protagonistak.
  • Boyhood (Zuz. Richard Linklater) Denbora da film honen elementurik inportanteena. Alde batetik, pertsona baten istorioa kontatzen delako, umea denetik, gaztarora arte. Bestetik, ume hori gazte berbera delako. Zuzendariak sinesgarritasuna emateko, aktore berberak erabili zituen film guztian zehar; 12 urtez grabatutako fikzioa dugu.
  • Moonlight (Zuz. Barry Jenkins) 2017ko Oscar sarietan film onenaren kategoria irabazi zuen luzemetraia honek. Ederra da argiztapenaren tratamendua, ilargiaren kolore urdina aktoreen azal beltzean islatzen delarik. Istorio intimista eta ahaztezina.
  • Tomboy (Zuz. Céline Sciamma) Zuzendariak harrituta utzi gintuen Retrato de una mujer en llamas filmarekin. Hala ere, ezin dugu ahaztu Laure-ren kontaketa. Edo Michael-ena. Film bikaina nortasunaren garrantziaren inguruan hausnartzeko.
  • Verano 1993 (Zuz. Carla Simón) Zine biografikoak ez du inor axolagabe uzten. Era batera edo bestera, istorio hauek betetzen gaituzte. Lan honetan aktore txikien lana aipatzekoa da. Horretarako, Simonek dinamika ezberdinak erabili ditu grabazioetan, jolasaren bitartez egindakoak.
  • La Caza (Zuz. Thomas Vinterbeg) Ba al dute zurrumurruek eragina gure pertzepzioan? Film honetan aho zabalik geldituko zara, eta ez dut gehiago esango (spoilerrak saihestu beharra).

Naturan murgiltzeko

  • The Dawn Wall (Zuz. Josh Lowell, Peter Mortimer) Tommy Caldwell eskalatzaile bikainaren abenturazko istorioa kontatzen du filmak. Hunkigarria bizipenengatik, baita El Capitaneko irudi bikainengatik ere. Mendizaleek eskertuko dute halako lan bat ikustea.
  • Dolphin Man (Zuz. Lefteris Charitos) Jacques Mayolapneista”ren legatua. Oraingoan itsasoa dugu eszenatoki gisa, eta lasaitasuna nahiz isiltasuna bete-betean igertuko ditugu.
  • La sal de la tierra (Zuz. Wim Wenders, Juliano Ribeiro Salgado) Sebastião Salgado argazkilariaren inguruko lana dugu. Indartsua, maitasun eta itxaropenez betetako irudi sorta.
  • Cholitas (Zuz. Jaime Murciego, Pablo Iraburu) Boliviako cholitasek badute helburu bat: haien senarren antzera, mendiak eskalatu nahi dituzte. Espedizio lilurarri honetan, Aconcaguara igoko dira. Emakume horien lorpenak ezagutzen ditugu film zoragarri honi esker.

Familian ikusteko filmak

  • Del revés (Zuz. Pete Docter) Emozioen animaziozko lan eder honek familia guztia maiteminduko du. Modu original batean, pertsonok aldi berean izan ahal ditugun sentimenduen inguruan aritzen da.
  • Pequeña Miss Sunshine (Zuz. Valerie Faris, Jonathan Dayton) Seguru asko, road movie-rik politenetakoa da. Pertsonaia guztiak oso ondo sortuta daude, eta denekin enpatizatzea oso erraza da, batez ere aitonarekin (kar kar kar).

Dokumentalak

  • Varda por Agnès (Zuz. Agnès Varda) Orain dela urtebete Vardak utzi gintuen. Hil ostean estreinatutako lan zoragarria da hau. Metazinema hasieratik amaierara arte. Zinemagile frantsesaren filmografia eta bere egiteko moduaren laburpen zoragarria.
  • El botón de Nácar (Zuz. Patricio Guzmán) "Zinema dokumentala ezinbestekoa da herrialde batentzat, familia batek album bat behar duen moduan". Guzmanek Txileko historia arakatzen du bere zineman. Honetan ere bai. Poesia gustoko baldin baduzue, ez izan zalantzarik eta anima zaitezte maisulan hau ikustera!

Filmak gomendatzen jarraituko nuke... Baina ez nuke inoiz bukatuko. Urtebeteko berrogeialdia beharko nuke horretarako. Eta uste dut, momentuz, nahikoa dugula.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun