Osteiko inguruan Urdulizko Ospitalerako sarbide-errepidea eraikitzeko 400.000 euro

Unai Brea 2020ko api. 10a, 18:22
Leku honetan hasiko da Urdulizko Ospitalerako sarbidea © SOPELAKO EH BILDU

Sopelako Udaleko gobernu-taldeak martxoko osoko bilkura telematikoan onartutako neurrietako baten berri eman du gaur udal-webgunearen bitartez: 410.000 euroko kreditu-aldaketa bat, Olabide-Osteiko errepidea egiteko. Lan horrek Urdulizko Ospitalerako sarbide zuzena eskaini eta erdiguneari trafikoa kenduko diola esan du udal-gobernuak: EH Bildu, berriz, ospitalerako sarbide bakarra hori izatearen aurka agertu da, eta eztabaida sakona eskatu du Sopelako saihesbideez eta trafikoaz oro har. 

Onartutakoaren ondoriozko prozedurari noiz ekin dakiokeen koronabirusak esango du. Josu Landaluze alkatearen esanetan, alarma-egoera hau gainditu ostean aterako da lizitazioa Osteiko-Olabide errepidearen lanetarako. "Baldintza-agiriak idatzita daude jada", azaldu du. 

Osoko bilkurako bozketan berdinketa egon zen, eta alkatearen kalitatezko botoagatik onartu zen kreditu-aldaketa. Jarrera horren alde agertu ziren EAJ eta PSE-EE, eta aurka EH Bildu eta Elkarrekin Podemos. Zortzina boto, alegia. DB-TUko zinegotzi bakarrak ezin izan zuen bozkatu, lanak egingo liratekeen eremuko lursail baten ugazaba delako.

EH Bildu, sarbide bakarra izatearen aurka

EH Bilduk, hain zuzen ere, bere webgunean idatzitako artikulu batean azaldu kontrako botoaren zergatia. "Ez gaude berez Osteikoko bidea eraikitzearen aurka, baina gure ustez hori eta Olabideko bidea (industrialdera doana) ezin dira izan ospitalera joateko sarbide bakarra", adierazi du Unai del Burgo koalizioko zinegotziak, "errepide lokala da eta ez lioke eutsiko hainbesteko trafikoari, gainera Olabide, sistema lokala denez auzuneetatik igarotzen da, eta ezin da auzuneetatik trafiko hori guztia pasarazi".

Udalak azaldu du beste 20.000 euro bideratuko dituela Olabideko kaleko zoladura konpontzeko eta zenbait egokitzapen-lanetarako; besteak beste, orain dela urte batzuk ipini ziren badenak leuntzea aurreikusi da. "Anbulantziak igarotzeko", dio EH Bilduko Unai del Burgok. Hain zuzen, Abiadura kontrolatzeko gailuak ere instalatuko dituela iragarri du Udalak.    

Olabide kaleko badenak eta trafikoa baretzeko beste neurri batzuk inguruko auzotarren presioagatik ipini zirela dio EH Bilduk, aurreko legegintzaldian. Oraingo egitasmoa betetzea atzerapausoa izango litzateke horrekiko indar politiko horren ustez, eta Sopelako trafiko-antolamenduaz eztabaida sakona eta parte-hartze bidezko prozesua egin dadila eskatu dute. "Izan ere, 2020ko aurrekontuen akordioan jasota dago eztabaida hori egin beharra dagoela", ñabardura egin du Unai del Burgok.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun