Koronabirusa Uribe Kostan

Sopelako udalbatzak aurtengo aurrekontua aldatzea onartu du osasun-krisiari aurre egiteko

Unai Brea 2020ko mai. 15a, 22:10

Gaur jakinarazi dutenez, apirilaren 30ean egindako osoko bilkuran Sopelako Udaleko indar politiko denek bat egin zuten aurrekontuak aldatzeagaz, COVID-19 pandemiaren ondorio ekonomikoak arintzeko neurriak martxan ipintzeko. "Beharrizan gehien duten eta baliabiderik gabe dauden familiei arreta azkar ematea da lehentasunetako bat", adierazi dute. 

Zehaztu dutenez, 400.000 bideratuko dira gizarte-zerbitzuak bermatzera: "Laguntza sozialak, larrialdi-zerbitzuak, etxez etxeko laguntza-zerbitzua... guztiak Uribe Kostako Zerbitzuen Mankomunitatean zentralizatuko dira. Bestalde, Mankomunitatearekin berarekin lankidetzan,
Sopelako bizilagunek beste laguntza batzuk jaso ditzaketela (alokairurako, energia-pobreziarako eta eskola-materialerako). Laguntza horiek garrantzi berezia izan dezakete egoera honetan, eta, behar izanez gero, handitu egingo dira".

Udalak beste 200.000 euro bideratuko ditu "tokiko ekonomia eta enplegua suspertzeko", eta gogorarazi du daborduko badabilela enplegua bultzatzen eta langabetuei babesa ematen, besteak beste dirulaguntzak sortuz ekintzailetza sustatzeko eta langabetuak kontratatzen dituzten herriko enpresentzat, baita zuzenean langabetuei eurei emateko ere.   

Hirugarren sektoreari dagokionez, kontsumorako bonu-kanpaina abiaraziko dute bi alditan, bata ekainean eta bestea abenduan. Izan ere, Udala oinarri arautzaileak prestatzen hasia da herriko profesional denek kanpainan parte har dezaten. "Ekimen horren bidez, Udalak tokiko merkataritzari eta ostalaritzari onurak eskaini nahi dizkio, establezimendu horietako erosketa edo kontsumoa sustatuz. Era berean, herritarrek ere onurak izango dituzte, denda eta zerbitzuek bonu horien bidez eskainiko dituzten deskontuez baliatu ahal izango direlako". Kanpainarako 90.000 euro erabiltzea aurreikusita dago, 45.000 orain eta 45.000 neguan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun