Salaketa jaso ostean bertara joan ziren udaltzainek behatu zutenez, ontziek guztiz oztopatzen zuten bidea, eta lurrera jausten ari zen likidoa zerien. Ontzietako batzuen etiketetan hainbat pertsonaren izenak eta helbideak topatu zituzten, eta hari horretatik tiraka jakin zuten ontzi horiek denak Bilboko denda batean salduak izan zirela. Dendaren bitartez, berriz, jakin ahal izan zuten ontziak hondakin-biltegi batean eroan zituztela, eta biltegi hori maiatzaren 11n hustu zutela, hain zuzen ere.
Zeregin horretarako bikote bat kontratu zuten biltegiko arduradunek, iragarki batean irakurri ondoren hustuketa- eta garbiketa-lanak egiten zituztela. Azkenik, Sopelako udaltzainek pertsona bi horiek nortzuk diren jakn ahal izan zuten, eta komisariara deitu zieten deklarazioa hartzeko, ikertu modura.
Gainera, bideo-zaintzako kameren grabazioetan ontziak eroateko erabili zen furgoneta agertzen da Sopelara ailegatzeko momentuan, maiatzaren 11:30ak aldera, eta handik ordu erdi ingurura alde egiten. Jazoera salatu zuen bizilagunak 13:45ean eman zuen horren berri.
Udaleko langileek ontziak kendu dituzte eta kutsatutako lurzorua garbitzen saiatu dira, baina ez dute oraindino guztiz lortu, lur-mugimenduak egin beharko baitituzte datozen egunetan. Udal-iturriek adierazi dute lan horien kostua handia dela, eta ustezko egileei eskatuko diete ordaintzeko.