"Desagertzeko arriskuan" dago Plaza Beltza alarma-egoeran itxita egon behar izatearen ondorioz, eta azken urteetan euren diru-iturri nagusia izan den jaietako txosna aurten ipintzerik ez dutela jakinda. "Gaur-gaurkoz ez dugu ia dirurik", azaldu dute. Horregatik, etorkizuneko salmentak aurreratzeko proposamena egin dute: laguntza-bonuak.
Bonu horiek 10, 20 eta 50 euroren truke eskuratu ahal izango dira, eta balioko dute aurrerago Plaza Beltzan saltzen dituzten gaiekin trukatzeko. "Gerora izango ditugun diru-sarrerak aurreratzea" da helburua, zehaztu dutenez.
Hiru modu egongo dira bonuak erosteko. Bata lokalean bertan hartzea da. Beste bat Bizum bidez ordaintzea da. Kasu horretan, dirua ematean izen-abizenak adierazi beharko dira, eta lokalera joatean bonuaren txartela eskatu. Dirua telefono-zenbaki honi sartu beharko zaio: 688 646 055.
Hirugarren bidea Plaza Beltzaren kontu korrontean dirua sartzea da. Kasu horretan ere izen-abizenak adierazi eta lokalera joatean jaso ahal izango da bonua. Hau da kontu-zenbakia: ES73 3035 0196 73 1960046589
Liburuak irakurgai
Kulturguneak gaur zabalduko ditu ateak berriro, Liburutegia martxan ipinita. Momentuz eguen eta barikuetan egongo dira bertan, 18:00etatik 22:00etara. Mahai gutxi batzuk ipiniko dituzte kanpoko aldean, "garagardoaz, liburuez eta giro onaz gozatzeko", eta segurtasun-neurriak betez. Liburuak maileguan uzteko ohiko zerbitzuaz aparte, salgai ere ipiniko dituzte.