"Azken urteetan, administrazio publikoek zerbitzu guztiak pribatizatzeko joera dute", dio ELA sindikatuak, lorezainen borroka dela eta kaleratutako agirian. "Gero eta ohikoagoa da hala egitea; modu horretan udalek gainetik kentzen dute zerbitzu horien kudeaketa", adierazi dute.
Sopelaren kasuan, grebalariek salatu dute zerbitzua esleitzeko baldintza-orriak prestatzean administrazioak ez duela kontuan izan ezarriko den lan-hitzarmena estatukoa, EAEkoa edo herrialdekoa den. Eta lan-baldintzak berton negoziatzea eskatu dute duintasunez jardun ahal izateko, gaur egun ez bezala. Besteak beste, udal-zerbitzuetan dabiltzan gainerako langileen baldintza berdinak gura dituzte.
Adibide modura eskualdeko beste lorezaintza-zerbitzu batzuen kasua aipatu dute, lan-hitzarmen propioa dutela eta haien baldintzak Sopelakoak baino hobeak direla azpimarratuta.
Aldarrikapen hori aurrera ateratzeko, greba egin dute hainbat egunez. Datorren astean ere hiru egunetan lanik ez egitea aurreikusita dute, eta eguaztenean kalejira bat egiteko asmoa iragarri dute, gainera. Horren ostean mobilizazioak egiten segituko dute, "erantzunik jaso ezean".