Atzo goizean egin zuten udaltzainek operazioa, etxebizitza batean hainbat marihuana-landare zeudela ikusi ostean. Udalaren oharraren arabera, hazkunde-fase desberdinetako 33 landare topatu eta atzeman zituzten poliziek bertan. Hartara, lau pertsona ipini zituzten ikerketapean, landareok legez kanpo landatzeagatik.
Zehazki, Herritarren Segurtasunari buruzko Legearen araberako arau-hauste administratibo larria da mota horretako landaketak egitea. Dena dela, atzemandako landareak kukulu bakoak ziren. Kukuluan metatzen da THCa, kalamuak substantzia psikotropikoa, eta honenbestez ezin esan daiteke kasu honetan osasun publikoaren kontrako deliturik egon denik.
Auzia Getxoko guardiako epaitegira ailegatuko da bihar. Bertako iturriek zehaztu dutenez, atzo ikerketapean ipinitako pertsona horietako batzuen aurkako beste eginbide batzuk daude lehendik zabalik, arrazoi berdintsuengatik, eta oso litekeena da auzi biek bat egitea.