Lan- eta enpresa-arloko ikastaro bi eskainiko ditu Udalak

Unai Brea 2020ko ira. 17a, 15:24
© SOPELAKO UDALA

Aurrez aurreko trebakuntza-ikastaro bi eskainiko du Sopelako Udalak urria eta azaroan, Enplegu eta Ekonomi Sustapen Arloaren bitartez. "Lan-arloan zein enpresa-arloan atzemandako beharrei aurre egitea" da helburua, azaldu dutenez; "langabezia-tasa murrizten lagundu, ekintzailetza sustatu eta herritarren formazioa bultzatu nahi dugu”.

Lehenengo ikastaroa “Elektrodo estali bidez soldatzeko hastapen- eta birziklatze-ikastaro profesionala” izango da, langabeei eta enplegua hobetzeko egoeran daudenei zuzendutakoa. Hamar leku eskainiko dituzte denera, eta urriaren 5etik 19ra egingo da (astelehenetik barikurra, 09:00etatik 14:00etara, Leioako Nuevas Técnicas Profesionales enpresaren egoitzan. Ikastaroaren iraupena 50 ordukoa izango da. 

Bigarren ikastaroa, “Eraldaketa digitalerako eta komunikazionalerako gaikuntza: enpresei eta negozioei aplikatutako tresna teknologikoak”, hainbat moduluk osatuko dute. Alde batetik, “Sopelako langabe edo enplegua hobetzeko bidean daudenentzako prestakuntza-moduluak” izenekoa urriaren 5etik 23ra emango da (astelehenetik barikura, 09:30etik-13:30era) Sabino Arana kalearen 2. zenbakian Udalak dituen lokaletan, eta 110 ordu iraungo du. Bigarren modulua, “Sopelako profesional autonomo, ekintzaile eta enpresariei zuzendutako 6 prestakuntza-pilula”, urriaren 14tik azaroaren 18ra arteko eguaztenetan egingo da, leku berean.

Parte hartu gura dutenek irailaren 18tik 30era izango dute izena emateko aukera, 94 406 55 00 (Luz. 110) telefonoaren bidez, egoitza elektronikoan edota Udaletxean bertan (baita Enplegu eta Ekonomi Sustapen Departamentuan ere). Izena emateko inprimakia eta deialdiaren oinarriak pertsona interesdunen esku daude https://sopelarin.sopelana.net/kanpainak/web/login.aspx helbidean edo udal-bulegoetan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun