Ikasketak amaitu eta gutxira ireki zuen Agurtzane Meruelok hortz-klinika Sopelan. 2000n Bizkaiko Elkargoan hasi zen, eta 2002tik 2018ra Batzorde Zientifikoko buru jardun zuen. "Urte hartan, ordura presidentea izandakoak ez jarraitzea erabaki zuen; talde batekin aurkeztu nintzen hauteskundeetara, eta aukeratu egin ninduten", azaldu du. Nork igarriko zuen COVID-19aren garaian karguan egotea egokituko zitzaionik? "Txantxetan esan ohi dugu, baina gu gara jendeari musukoa kentzeko eskatzen dieten bakarrak".
Maiatzean itzuli zen lanera, bere kide asko bezala. "Batzuek ekainera arte itxaron zuten badaezpada", argitu du, "baina gaur egun ia denok ditugu kontsultategiak zabalik. Izan ere, ez dugu behin ere guztiz itxita izan, konfinamenduan larrialdiak artatzeko prest egon behar genuen". Pandemian lan egiteko segurtasun-protokoloak garatu dituzte dentistek, baina halako kontuetan txukunak izatea berezkoa dutela dio Meruelok: "Birus honetaz gain beste batzuk ere badaude, eta betidanik izan ditugu infekzioen aurkako sistemak. Izan ere, dentistok herritar arruntak baino gutxiago kutsatu gara koronabirusaz".
Denbora librean abentura-kirolak egitea du gustuko, auto-rallyak besteak beste, argazkiak erakusten duenez. 2005ean hasi zen horretan, 40 urtegaz, eta 2013tik Maroc Challenge lasterketa solidarioan parte hartzen du, Marokon. "Bost eguneko orientazio-proba da, eta garrantzitsuena ez da azkarrena izatea, arau jakin batzuk betetzea baino", argitu du.