Elikadura osatzeko dirulaguntza jaso ahal izateko derrigorrezkoa da Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren hartzailea izatea, Sopelan erroldatuta egotea (gutxienez azken hiru hilabeteetan), eta 3 eta 16 urte bitarteko adingabeen arduraduna izatea.
Eskoletako jantokiak itxita egon diren hilabete bakoitzeko kopuru bat emango die Udalak onuradunei. Hain zuzen ere, hileko 100 euro jasoko dute adingabe baten ardura dutenek; 150 euro, biren ardura dutenek; 175, hiruren ardura dutenek; eta 200, lau adingabe edo gehiagoren arduradunek. Martxoaren 15etik ekainaren 15era egon ziren itxita jantokiak, hau da, hiru hilabetez, eta honenbestez aipatutako kopuruak hirukoiztuta jasoko dituzte hartzaileek.
Beste dirulaguntza eskatzeko beharrezkoa izango da gutxienez 12 hilabete lehenagotik Sopelan erroldatuta egotea. Banaketa-kasuetan, nahikoa izango da guraso bat egotea erroldatuta. Ikasle bakoitzari emango zaio laguntza; hortaz, eskatzaile bakoitzak bere ardurapeko adingabeko guztientzat eskatu ahal izango du dirulaguntza bana. Haur Hezkuntzako ikasle bakoitzari, gehienez, 150 euro emango zaizkio testuliburuak erosteko, eta 30 eskola-materialerako. Lehen Hezkuntzan, DBHn eta Batxilergoan dabiltzanen kasuan, berriz, 250 eta 40 izango dira kopuruok, hurrenez hurren.
Dirulaguntza horietako bat edo biak jaso gura dituztenek urriaren 27ra arte izango dute eskatzeko epea, udaletxean bertan. Bete beharreko inprimakia udal-webgunean har daiteke, baita udal-bulegoetan ere.
Pobrezia energetikoa arintzeko dirulaguntzak
Bestalde, datozen egunetan pobrezia energertikoa jasaten duten familientzako dirulaguntza baten oinarriak argitaratuko ditu Udalak, gobernu-taldeko iturriek jakinarazi dutenez. Zehazki, 15.000 euro banatuko dira helburu horregaz, Teresa Fernandez Enplegu eta Ekonomi Sustapen zinegotzia iragarri duenez.