Udalaren esanetan helburu bikoitza du bilketak: ingurumena zaintzea, tapoiak modu egokian birziklatuz, eta elkartasuna. Oraingoan, Sanfilippo Sindromea dutenei eta euren senideei laguntzea izan da asmoa. Endekapanezko gaitz arraroa da, gaur-gaurkoz sendaezina. EAEn zazpi kasu ezagutzen dira, bat Gipuzkoan eta beste sei Bizkaian, eta horietatik hiru neba-arrebak dira.
Tapoiak botatzeko edukiontziak grisak dira, eta diseinu berezia dute, erraz identifikatzeko. Zehazki, udalerriko lau leku hauetan daude:
- Udaletxe pareko turismo-bulegoaren aurrean.
- Larrabasterrako Urgitxieta plazan, Uribe Kostako Mankomunitatearen bulegoen ondoan.
- Solondota eta Arrietara kaleen arteko bidegurutzean, Indian´s tabernaren parean.
- Atxabiribil hondartzaren inguruan, lurpeko edukiontzien eta autobus-geltokiaren ondoan.
Udala arduratzen da bilketa egiteaz, eta ondoren Lemoako instalazio batera bidaltzen dira tapoiak, plastikoa tratatzeko. Hain zuzen, mota hauetako tapoiak utz daitezke edukiontzietan:
- Ur-botilatxo, freskagarri, gaseosa, edateko jogurtenak …
- Tetrabrikenak (kartoirik gabe)
- Olio-ontzienak
- Kafe, txokolate, kakao, kakao-krema ontzienak…
- Gurina, igurzteko gazta, irasagarrarenak…
- Esnegain-espraiaren ontzienak
- Ketchup, maionesa eta halako saltsen ontzienak
- Garbitzaileen pistola, xaboi-banagailuenak …
- Bainugelako garbitzaileenak
- Zura garbitzeko eta halako esprai-garbitzaileenak
- Arropa garbitzeko detergente eta leungarrienak
- Ontziak garbitzeko likidoenak
- Boligrafo eta errotuladoreenak
- Barrako kolarenak
- Bizarra mozteko bitsa-ontzienak
- Esprai, roll on… eta tankera horretako desodoranteenak
- Ahoko irakuzketenak
- Hortzetako pastenak
- Hortzetarako hariarenak
- Krema hidratatzaileenak
- Lentilla-kutxatilenak
- Lurrin eta kolonienak
- Eskuoihal hezeen ontzienak
- Makilatxoen ontzienak
- Bainurako gel, xanpuenak…
Informazio gehiago www.sopelaudala.org/tapoisolidarioak webgunean.