"Zailtasunak dituztenentzako" hiru dirulaguntza-mota emango ditu Udalak

Erredakzioa 2020ko aza. 4a, 19:09

Etxebizitzak alokairuan hartzeko, gazteen autonomia pertsonala sustatzeko eta arrakala digitala murrizteko dirulaguntzak iragarri ditu Sopelako Udalak. Eskatzeko epea azaroaren 18ra bitartekoa izango da lehenengo kasuan eta 17ra artekoa beste bietan. Denera, 80.000 eurokoa izango da hiru laguntza horietarako diru-saila. 

Etxebizitzak alokairuan haratzeko laguntzetara 40.000 euro bideratuko dituzte, "Sopelan etxebizitza bat alokatzeko zailtasunak dituzten hiritarrak daudela jakinda". Aurten egindako alokairu-gastuak berdintzea izango da laguntzen helburua, eta hileroko zenbatekoa 100 eta 250 euro artekoa izango da. Onuradunek 36 urte eduki beharko dituzte gutxienez, eta alokairu-kontratu baten titularrak izan beharko dira. Gainera, onuradun diren bizikidetza-unitateko pertsona denek dirulaguntza jasoko duen etxebizitzan erroldatuta egon beharko dute. Diru-sarreren mugari dagokionez, 25.000 eurokoa izango da bizikidetza-unitatea pertsona bakar batek osatzen badu, eta 32.000koa bizikidetza-unitatea bi pertsona edo gehiagokoa bada.

Gazteen autonomia pertsonala sustatzeko laguntzak

"Udalerrian independizatuta bizi diren gazteek egindako hainbat gastu ordaintzeko helburuarekin, haien autonomia pertsonala sustatze aldera", Udalak 30.000 euro inbertituko ditu. Betiere 2020an gertatu badira, honako gastu hauek finantzatu ahal izango dira: etxetresna elektrikoak, oheak, koltxoiak, oheko arropa, sukalderako tresnak, mahaiak eta aulkiak. Hileroko zenbatekoa 50 eta 300 euro artekoa izango da.

Eskatzaileek 18  eta 35 urte bitartean izan behar dituzte, eta Sopelan erroldatuta egon beharko dute, gutxienez hamabi hilabetez. Halaber, errolda-ziurtagirian agertzen den egoitzaren jabe edo jabekide izan beharko dira, edo bertan alokairuan bizi.

2020ko diru-sarrerei dagokionez, ezin izango dituzte honako zenbatekoak gainditu: 13.300 euro (pertsona bakar batek osatutako familia-unitatea), 19.950 euro (bi pertsona), 26.600 euro (hiru pertsona), 33.250 euro (lau pertsona) eta 39.900 euro (bost pertsona edo gehiago).

Arrakala digitala murrizteko laguntzak

Beste 16.000 euro bideratuko dira ekipo telematikoak erosteko gastuetarako eta interneterako sarbideak ordaintzeko. Kasu horretan, 2020. urtean ekipamendu berriak erosteagatik sortutako gastuak finantzatu ahal izango dira, honako hauek zehazki: ordenagailuak (eramangarriak edo mahai gainekoak), smartphoneak eta tabletak. Dirulaguntzen zenbatekoa 50 eta 150 euro artekoa izango da.

Laguntza jasotzeko Sopelan erroldatuta egon beharko da, gutxienez hamabi hilabetez, eta 18 urte edo gehiago eduki. Diru-sarrerak ezin izango dira izan hauek baino handiagoak: 13.300 euro (pertsona bakar batek osatutako familia-unitatea), 19.950 euro (pertsona bi), 26.600 euro (hiru pertsona), 33.250 euro (lau pertsona) eta 39.900 euro (bost pertsona edo gehiago).

Kasu guztietan, eskakizunak Sopelako Udaleko erregistroan (Sabino Arana, 1) edo
modu telematikoan entregatu beharko dira. Inprimakia eta deialdiaren oinarriak interesdunen eskura daude bai www.sopela.eus webgunean bai Udalaren bulegoetan ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun