Koronabirusa Uribe Kostan

"Egoera oso latza da"

Unai Brea 2020ko aza. 10a, 10:52

Legazpi tabernan etxera eroateko janaria saltzen hasi dira. UNAI BREA

Udaberriko konfinamenduaz geroztik guztiz errekuperatu barik zeuden negozioentzat kolpe latza izan da ostalaritza ixteko agindua. Etxera eroateko janaria eta edaria saltzeari ekin diote batzuek; beste batzuk, berriz, bide hori hartzeko zalantzan daude, hala eginda laguntzak galdu ditzaketelakoan. Sopelako hiru tabernarik euren egoeraren berri eman digute. 

Sopelako tabernarik ezagunenetakoa eta beteranoenetakoa da Legazpi eta, beharbada, herrian bezeroen joan-etorri handiena duena ere bai. Ohiko jarduera bertan behera uztera behartuta, etxera eroateko janari eta edariak saltzeri ekin diote bertako ugazaba biek. "Gastuak egon badaude eta aurrera egin behar genuen zelan edo halan", azaldu du euretako batek, Santi Truebak, "baina adabakia besterik ez da".

Legazpiko barrako bost langileak ABEEEan sartu dira, eta lau sukaldarietatik bi; beste biak mantendu dituzte, janaria prestatzeko. "Pintxoak eta kartan dugun guztia saltzen ditugu, baita freskagarriak eta kafea ere, eroateko", dio Truebak. Alkohola ere saldu dezakete, baina janariagaz batera eroateko bada, bestela ez, eta 20:00ak arte beranduenez. 21:00etarako, guztiz itxita eduki behar dute dena. "Jendea ondo erantzuten dabil momentuz, baina egoera ez da ona; hau hilabete baterako dela esan dute, baina nik uste luzatu egingo dela eta, edozein kasutan, abenduan zabaltzen uzten badigute ere, nago urtarrilean berriro ixteko aginduko dutela".

Laguntzen kontura zalantzak

Legazpiren ondoan dago Etxebarri taberna, oraintxe itxita dagoena. Bertan dabilen Angel Lacruz ez da batere baikorra etorkizunari begira. "Oraingo itxiera hau gabe ere, uste nuen urte amaieran negozio batzuk itxiko zirela, konfinamenduan hartutako zartakotik errekuperatu ezinik; oraingoak larriagotu egingo du egoera, itxierak egongo dira, langileak kaleratuko dituzte..." Lacruzi tabernaren ugazabak esan dio momentuz ez diola errentarik kobratuko, baina ez da nahikoa.

"Etxean ez geratzearren pintxoak egin eta etxera eroateko saltzeaz pentsatu nuen baina, antza denez, hala eginez gero, Jaurlaritzak emango dituen laguntzak jasotzeko eskubidea galduko dugu", kexu da Lacruz. Gaur dira iragartzekoak ostalaritzarako laguntzak, hain zuzen ere. "Bestalde, entzun dudanez, 500 euroko laguntza jaso daiteke, baina urteko azken hiruhilekoan %75eko galera izanda; urri osoan zabalik eduki dugunez, zaila da hain galera handiak izatea, %75 asko da eta". Lacruzek ez daki oraindino zer gertatuko den bere tabernagaz, baina egoera oso latza dela dio.

1.800 sinadura terraza ipintzeko baimena eskatuz

Legazpitik eta Etxebarritik urrun ez, Sopelan oso ezaguna den beste taberna dat dago: Erroia. Berezitasun bat du: herri osoan terrazarik ez duen bakarra da. Horren ondorioz kolokan zebilen lehenagotik ere, jendea barran zutunik egotea debekatzen duen neurria dela eta. Bertako Oier Egañak azaldu digunez, atean kartela zeukaten ipinita, jendeari eskatuz barrako mahai apurretan oso luze ez egoteko, bezeroen joan-etorria errazte aldera.     

Oier Egaña, Erroia tabernaren aurrean.

Egañak eskatua zuen taberna aurreko aparkalekuko plaza bi kendu eta hor terrazatxo bat ipintzeko baimena, baina Udalak ukatu egin zion, segurtasuna argudiatuz, besteak beste, trafikotik hurbilegi legokeelakoan. "Baina Bizkaiko herri askotan hala egin dute, gainera, hau kale txikia da eta trafiko gutxi dago". Sinadura-bilketa abiatu zuen, eta oraingo itxiera-agindua heldu orduko 1.800 izenpe bilduta zituen, "Udalaren aurrean presio soziala egiteko". Jaurlaritzak ezarritako azken neurriak direla eta taberna itxi behar izateko arriskua oso handia dela dio Egañak. Berak ere baztertu du momentuz etxera eroateko janaria prestatzea, horrek laguntza publikoa jasotzea galaraz diezaiokeelakoan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun