Sopelako alkatearen aurkako zentsura-mozioa aurkeztuko du Denok Batera taldeak

Unai Brea 2020ko aza. 17a, 14:22

Josu Landaluze, alkate izendatu zuten egunean. UNAI BREA

Josu Landaluze (EAJ) Sopelako alkatearen zentsura-mozioa baten aurkako testua argitaratu du Denok Batera (DB-TU) taldeak sare sozialetan. Indar politiko horrek udalbatzan duen zinegotziak, Jon Gerediagak, HIRUKAri baieztatu dio mozio hori bihar Udaletxean erregistratzeko asmoa duela. 2021eko aurrekontuen eztabaida hasi baino lehen gura lukete alkatea aldatzea, Gerediagaren esanetan. 

Mozioa aurkezteko arrazoien artean, DB-TUk aipatzen du EAJk eta PSE-EEk osatzen duten gobernu-taldea gehiengo absolutua edukiko balute legez dabiltzala gobernatzen Sopelan, nahiz eta Josu Landaluze alkate izendatu zuten saioan, bien arteko boto-kopurua eta Unai del Burgo EH Bilduko hautagairen alde koalizioak berak eta Elkarrekin-Podemosek emandakoen berdina izan zen: zortzi. Hain zuzen ere, DBko zinegotzi bakarrak, bere uruari botoa emanez, ahalbidetu egin zuen Landaluze izendatzea alkate, berdinketa egonik boto gehien eskurutako zerrendari baitagokio agintea, arautegiak dioenez.

EAJgaz akordioa lortu ostean erabaki zuen DBk Landaluzeren izendapena ahalbidetzea, EH Bildugaz egindako negoziazioek porrot egin ondoren. Orain, berriz, Landaluzek dagoenetik hartutako bidea deitoratu du DBk: "Hilabeteotan, Alkateak ez ditu bete boluntarioki sinatu zituen akordioak, eta aitzitik, aldebakartasunez jokatzen dabil, udalerriko zenbait kolektibo eta haien ordezkariak baztertuz", irakur daiteke zentsura-mozioaren testuan.

Alkateak berak eta gobernu-taldean daude indarrek (EAJ eta PSE) herritarren benetako parte-hartzeari trabak ipintzen dizkiotela salatzen du, era berean, DBk. Horrez gain, leporatzen diete oposizioarekiko gardentasunez ez jokatzea,  udalbatzaren osaketagaz bat ez datorren gobernu-taldea osatu izana, gaur egungo osasun-krisiaren testuinguruan gaitasun eza agertu izana...

Eta oposizio beste taldeak, zer?

DBko Jon Gerediagaren esanetan, irailaren erditik dabiltza zentsura-mozio hau aurkezteko negoziatzen EH Bildugaz eta Elkarrekin-Podemosegaz, baina orain arte talde biak luzapenetan aritu direla kexatu da. Azkenik, alkate-aldaketa datorren urteko aurrekontuak osatzen hasi baino lehenago egin beharko litzatekeelakoan, mozioa bihar erregistratzea erabaki dute. Bitartean, oposizioko beste talde biek dokumentua sina dezaten ahaleginduko dira. HIRUKAk ez du ez batzuen ez besteen iritzia jakiterik izan, momentuz.  

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun