Sopelako kiroldegia kudeatzen duen enpresak auzitara eramango du Udala

Erredakzioa 2020ko abe. 3a, 13:30

BeOne enpresak irailean 120.000 euro edo kontratua urte betez luzatzeko exijitu zion Sopelako Udalari, pandemiaren ondorioz jarduera eteteagatik izan zituen diru-galerei aurre egiteko; orain epaitegietara joko dute. Bitartean, Udala kudeaketa bere gain hartzea ikertzen ari da.

Gai hau bi alditan eraman dute Udaleko osoko bilkuretara, baina gaia ez denez konpondu, orain, BeOne enpresak erabaki du Sopelako Udala epaitegietara eramatea, auzi-prozesu administratiboa abiaraziz. 

Enpresak Udalari irailean proposatu zion, pandemiaren ondorioz izan zituen diru galerak saihesteko, kontratua beste urte batez luzatzea edo 120.000 euro ordaintzea. Enpresak hamabost urtez kudeatu du kiroldegia, baina kontratua apirilean bukatu zen.

Udal taldeek, beraien aldetik, azken ekitaldiaren eta aurreko urteetako balantzearen arteko konparazio bat egiteko, BeOne enpresaren balantzeei buruzko informazio gehiago eskatu dute. Podemos-IUko Eder Garciak aurpegiratu dio "enpresak ez duela bere esku egon den guztia egin irabaziak izateko". Denok Batera alderdiko Jon  Gerediagak hilabete hauetan gasturik ere ez dituztela izan ere iradoki du.

Bien bitartean, kiroldegia udalekotu eta horren kudeaketa zuzena egiteko aukera ikertzen ari direla jakinarazi dute Udaletik. Josu Landaluze alkateak agindu duenaren arabera, egun hauetan zehar, zirriborro baten bidez ezagutzera emango du Udalak zein baldintzetan kudeatuko duen kiroldegia.  

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun