Izotz pistaren ordutegia goizez eta arratsaldez izango da: 11:00etatik 14:00ak arte, eta 17:00etatik 20:00ak arte. Salbuespen gisa, abenduaren 24an eta 31n pista goizez bakarrik egongo da irekita, eta abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean ez dute zerbitzurik emango.
Pilaketak saihesteko helburuagaz, instalazioetan sartzeko ezinbestekoa izango da, sarrerak aldez aurretik erostea Kurtzioko Kultur Etxean. Gainera, astean behin bakarrik bertaratu ahal izango da, gehienez sei pertsonek osatutako taldeetan.
Sopeloztar guztiek bertaratzeko aukera izan dezaten, Udalak Txu-Txu trena ere jarriko du martxan, izotz pista herriko erdiguneagaz lotuta egon dadin. Tren hau doakoa izango da, baina COVID-19aren prozedurak direla eta ibilbidea itxia izango da, eta, hemen ere, aldez aurretik eman beharko da izena.
Gabonetako gainontzeko programazioari dagokionez, Udalak ekimen jendetsuak saihestuko ditu, eta betiko desfilearen ordez, Olentzerok eta Mari Domingik harrera egingo diete umeei, Kurtzioko Kultur Etxean, abenduaren 19, 20, 22, 23 eta 24an. Horretaz gain, Udalak bestelako ekintzak antolatu ditu egun hauetarako: Urkoko kiroldegian abenduaren 28tik 30era haurrentzako tailerrak egongo dira; Huntza eta Izaroren kontzertuak eta Goyo Jimenezen ‘Aiguantulivinamérica 2’ bakarrizketa-ikuskizuna.
Era berean, urtarrilean Sopelako Udalak Kurtzioko Kultur Etxean egingo diren bestelako ekintzak ere antolatu ditu: Urtebarri haurrentzako ikuskizuna, Errege Magoekin hitzorduak, umeentzako tailerrak eta antzerkiak; eta familientzako Hodei Magoaren ikuskizuna.