Pertsona nagusien artean estimulazio-kognitiboa eta fisikoa lantzeko gunea ipini dute Gernika plazan

Erredakzioa 2021ko urt. 22a, 11:13
Nagusientzako gune berria Gernika plazan kokatu dute. © SOPELAKO UDALA

Adineko pertsonen artean bizimodu-aktiboa eta osasungarria sustatzeko asmoz, zirkuitu berriak jarri ditu Sopelako Udalak. Horrez gainera, harremanak bultzatzeko guneak ere izango direla azaldu dute udal-ordezkariek.

Herritar nagusien zahartze-aktibo eta osasungarria sustatu gura du Sopelako Udalak, eta, hori gauzatzeko, gune berri bat jarri dute Gernika plazan. Zirkuitu horregaz bi helburu bete gura ditu Udalak: alde batetik, pertsona nagusiei hiri-espazio bat eskaintzea, ariketa fisikoa eta kognitiboa landu dezaten; eta, bestetik, pertsona nagusiek gizarte-harremanak sendotzeko gune bat izatea.

Sopelako Udalak 12.321 euro inbertitu ditu estimulazio-kognitibo eta fisikorako zirkuitu hori abiarazteko. Egitasmoak, pertsona nagusiei lagunduko die, memoria, kalkulua, hizkuntza eta arreta entrenatzeko. Bestalde, jarduera fisikoa egitea ahalbidetuko die, muskuluen narriadura prebenituz eta koordinazioa, oreka, mugikortasuna eta indarra sustatuz.

Zehazki, adimena sustatzera bideratutako elementuei dagokienez, bikoteak osatzeko panelak, hiruko artzain-jokoa, zifra eta letra jolasak; tenkagailua, egutegia eta labirintoak jarri dituzte. Bestalde, ariketa fisikoakaz lotutako panelei dagokienez, besoak lantzeko gurpil bat, pedal bi eta hatzentzako eskaileratxo bat jarri dituzte.

Gorputza eta burua lantzeaz gain, zentro horrek harremanak lantzeko helburua ere badauka, bakardadea delako adineko pertsonek duten beste arazo handietako bat. Hori dela eta, zirkuitua ingurune natural batean kokatu du Udalak, xede bera duten pertsonak bertaratzeko, eta bakardadeari aurre eginez zahartze aktibo eta osasungarri sustatzeko helburuagaz.

Horretarako, “instalazioak Gernika plazako jolas-eremuko haur-parkearen ondoan jarri dira, erabiltzaileek txikienakaz, ariketa kognitiboak egiteko aukera izan dezaten, belaunaldien arteko hesiak gaindituz”, azaldu du Josu Landaluze alkateak. Izan ere, udal-iturriek jakinarazi dute txikiakaz denbora pasatzea onuragarria dela adineko pertsonentzat.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun