Sopela eremu gorrian sartu da gaur

Iker Rincon Moreno 2021ko ots. 1a, 12:46

Garbiketa-lanak Sopelan, artxiboko irudian. © SOPELAKO UDALA

Sopela eremu gorrian sartu da, azkenengo 14 egunean 629,9ko intzidentzia-tasa metatu ondoren. Gainontzeko udalerrietan ere datuek gora egin dute egunotan, baita txikietan ere. Ospitaleen egoerari dagokionez, 160 pertsona daude ZIUn.

Sopela eremu gorrian sartu da gaur, hala, bihartik aurrera, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ezarritako hurrengo neurriak indarrean sartuko dira: ostalaritza-eta jatetxe-establezimenduak eta joko- eta apustu-establezimenduak itxi egingo dira; era berean, taldeko kirol-jarduera etengo da.

Horrez gainera, gogoratu beharra dago indarrean dauden murrizketei eutsi behar zaiela, hala nola etxeratze-agindua 22:00etatik 06:00etara, merkataritza- eta kultura-jarduerak bertan behera uzteko gehieneko ordutegia 21:00etan finkatuta dagoela, eta musika- eta ahots-entseguak eta emanaldiak bertan behera daudela, besteak beste.

Sopelako Udalak kontaktu sozialak ahalik eta gehien murrizteko deia egin du, kutsatze kopurua gutxitzen laguntzeko. Horrez gainera, ohiko prebentzio-neurriak errespetatzen jarraitzearen garrantzia azpimarratu du: maskara ondo erabiltzea, eskuen garbiketa, pertsonen arteko distantzia gordetzea eta bizikidetza-unitate baten baino gehiagoren bilerarik ez egitea.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun