Migratutako pertsonentzako gida bat argitaratu du Sopelako Udalak

Erredakzioa 2021ko ots. 1a, 13:36

Udalerrira iristen diren pertsonen eskura dauden baliabideei buruzko informazioa biltzen duen gida argitaratu du Sopelako Udalak. Horren helburua da pertsona horien etorrera eta gizarteratzea errazagoak egitea; besteak beste, errolda, gizarte-zerbitzu, osasun-laguntza edo hezkuntza sarbiderako baliabideak ematen ditu.

Sopelara iristen diren pertsona etorkinek dituzten baliabide eta zerbitzu publikoak biltzen dituen gida bat argitaratu du Gizarte Ekintza, Emakume eta Berdintasun eta Lankidetza Sailak. Udal-iturriek jakinarazi dutenez, sail hori aspalditik ari da lanean harrera-prozesuak bideratzen eta migratzaileen eskariei erantzuten.

“Sopelako Udalak harreraren arloan egindako lehen ekintza da. Gida horren bidez, pertsona horien etorrera eta gure gizartearekiko lehen harremana errazagoak izatea nahi dugu, erabat integra daitezen", jakinarazi du Teresa Fernandez zinegotziak.

Gida Sopelako Udalaren webgunean kontsulta daiteke, baita inprimaki moduan ere Udalaren Gizarte Ekintza, Emakume eta Berdintasuna eta Lankidetza Sailean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun